'El cartógrafo'
Egilea eta zuzendaria: Juan Mayorga. Eszenografia eta jantziak: Alejandro Andujar. Antzezleak: Blanca Portillo, Jose Luis Garcia-Perez. Lekua: Arriaga antzokia, Bilbo. Eguna: Maiatzak 11.Bigarren Mundu Gerra, Varsovia. Ghettoan bizi den kartografo batek horrorearen mapa altxatu nahi du, baina adina eta bizi-baldintza ikaragarriak direla-eta, ezin da etxetik irten. Orduan, neskato baten laguntza onartuko du: hura ibiliko da bertako kale eta teilatuetatik kartografo zaharraren begiak ordezkatuz eta izugarrikerien kartografia marraztuz.
Juan Mayorga (Madril, 1965) Espainiako birsorkuntza kulturalaren ordezkarietako bat iruditu zitzaigun Animalario Teatroaren denboretan, eta orain badirudi ahal duena egiten duela hango saltsa-maltsa konformista-jakobinotik zerbait txukunago eta duinago esateko. El cartógrafo honetan, goian esandako istorioa hartu, eta bere balizko egiazkotasunean txertatu ditu oraingo espainiar matrimonio baten gorabeherak. Senarrak Varsoviako enbaxadan jarduten du eta emazte aspertuak kartografo haren mitoarekin beteko du denbora.
Ikerketa-fikzioa, politika eta filosofia elkartzen dituen testuak bi munduen gurutzaketa aberasgarria sortu du, eta emanaldian zehar kartografiari buruzko gogoeta mamitsuak eta politak entzun ditugu. Ordea, izaera diskurtsibo gogorra da lan honen bekatu nagusia, egileak ez dituelako ondo bereizi unibertsitate-mailako saiakera eta antzerkiaren arteari zor zaion tributua. Aldiz, arazorik gabe ordaindu ditu beste tributu batzuk, eskuzabal ordaindu ere: Frantzia nazio bakar eta banaezina da kartografiaren aitzakiaz, Espainia eta Madril hamaika aldiz aipatu dira ezertara ere ez etorri arren, eta komunismoaren aroak galdeketa polizialak eta kartzela besterik ez zituen ekarri, Gerra Hotzaren garaiko propaganda lotsagabean bezala.
Izan ere, egileak Manuel Vallsen estiloan erantzi du maskara azken zati horretan, eta hori kontuan hartu gabe eternalki salatu beharko dugula nazien krudeltasun erabatekoa, baina aldi berean milaka hildako ditugula Mediterraneoko uretan eta askoz gaurkoagoak direla Alepo eta Raqqa bezalako hiri martiriak, eta haietaz ez dela idatzi edo idatziko ez panegirikorik ez antzezlan negar-eragilerik. Eta, gurera etorrita, Gernika nork erre zuenaz idaztea debekatua omen dute espainiar intelektualek.
Alderdi formalei begira, aurrezpena izan da eszenaratzearen jaun eta jabea. Aurrezpenaren izenean bi antzezlek jokatu dituzte testuak eskatzen zituen rol guztiak eta, zekentasunaren bidetik, egoera patetikoan gauzatu da eszena bat, gizonak hartu behar izan baitu emazte aspertuaren rola hura kartografoaren neskato laguntzaile zaharkituarekin elkarrizketatu denean. Betiere aurrezpenaren izenean, kaxa eszeniko beltza izan da agertoki bakarra, eta pobretasun estetikoaren paradigma hirugarren eskuko aulki gorri batzuekin osatu da. Gorriak izan dira paperak, gorriak karpetak, gorria lapitza, gorria planoak eramateko tutua, eta ezetz asmatu zein koloretakoak izan diren arropak. Eskerrak ez dela beste objekturik agertu, distirarik gabeko mimikarekin irudikatu baitute behar izan duten beste guztia, aurrezpena garaile, baina ordu biko emanalditik irudimen izpi oro ezabatuta.