Kritika. Musika

Kimikarik gabe

Arkaitz Mendoza.
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Eduard Wulfsoneta Ksenia Bashmet

Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: apirilaren 19a.

Gizarteko edozein arlotan elkar ulertzea funtsezkoa ohi da komunikazioa jariakor bihur dadin. Ganbera musikan eta, zehazki, hain ezagun dugun biolin-piano musika egituran edozer ñabardura azpimarragarria izan daiteke. Begiradak, arnasketak, mugimenduak, lasaitasunak eta, batez ere, musika kontzeptuen bateratasunak berberak izan beharko lukete, bikotearen elkar ulertzea zoragarri sentitzerainokoa.

Wulfson agure jakintsua eta Bashmet gazte lañoak bikote bitxi eta ulergaitza sortu dute musika ganberaren inguruan. Bien arteko adin diferentzia hamarkada batzuetara iristen da, baina agertokian azaltzen duten bikote kimika guztiz hutsala da. Beethovenen Udaberriko Sonata aurkeztu zuten emanaldi hasieran, eta edonoren burutazioak udazken goibel bateko arrats aspergarri batera bidaiatzekotan egon ziren. Udaberriaren freskotasuna, alaitasuna, distira, lore sorta koloretsuak eta zelai berdeen irudiak ez ziren inondik inora islatu musikan. Wulfsonen biolinetik leuntasuna izan zen soinuaren goitizen, eta Bashmeten pianoa astun eta lehia bizian mantendu zen, udaberriaren printzek gomutarazten duten erritmo alaiaren lilura ezerezean utziz.

Udaberritik udaldian sor daitezkeen eguerdi berotsu eta nekagarrietara pasa ginen. Hortaz, mardul, mamitsu eta indartsu oso den Brahmsen 2. Sonata-ri ekin zioten. Bikotearen istiluak baretuta, interpretazio duin bat eskaini ziguten, elkar hobeto ulertuz, eta unerik gozagarrienak Un poco presto e con sentimenti txatal laburrean gertatu ziren. Wulfsonen heldutasunak Ysayeren Sonata-Balada jakitun bat eskaini zigun. Abiadura deabrutsuak alde batera utzita, kontrolpean une oro mantendu zuen obra, zailtasunez josita dauden bazter guztiak ondo iltzatuz eta melodien arteko loturak esanguratsu loreztatuz. Hala ere, amaierako Richard Straussen Sonata-n Wulfson eta Bashmeten arteko gaizki-ulertzeak berriz ere nabarmendu ziren, pianoan zalantza gehiegi izanik, intentsitatea noizbehinka azaleraziz eta ardura guztia Wulfsonen hatzetan ezarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.