Kritika. Musika

Klabezina, ahaztezina

Arkaitz Mendoza.
2011ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gustav Leonhardt

Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: Maiatzaren 18a.

Klabezinaren munduan Txapeldunen Ligako txapelduna da Leonhardt handia. 1950eko hamarkadatik aurrera sekulako iraultza eragin zuen Barroko garaiko teklatuen obra bilduman, bai teorian bai praktikan. Johann Sebastian Bachen obra sakonki aztertu, landu, garatu eta biribildu zuen, interpretazio aholku pila plazaratuz. Ahaztezintzat defini genezake Leonhardten presentzia gure agertokian; 83 urteko agurea dotorezia eta seriotasun apalez agertu zitzaigun, maitagarria izan zen bere agurtzeko era eta klabezinean eseri orduko maisutasuna gori-gori nabarmendu zitekeen bere hatzetan.

Ezkerreko eskumuturra estalita zuen lotailu baten bidez, agian lesio txikiren bat, nahiz eta errezitaldi osoan ez zen deus ere nabaritu. Frobergen obrak hasiera bikainekoak ziren, ponpoxoak, segituan Caspar Kerllen Tocata di durezze e ligature pieza malenkoniatsura salto eginez. Jendartean isiltasuna txundigarria izan zen, Leonhardtek klabezinaren bitartez sortutako giro zerutiarrak entzule asko begiak itxi eta beren eguneroko martxa une batez geldiaraztera eraman zituen. Bake, lasaitasun eta etenaldi oparoa izan zen XVII. mendetik proposatutako musika bidaia. Bach handiaren anaia izan zen Johann Christophen Do Maiorreko Preludioa askatasun itzelez gozatu zuen klabezin jole holandarrak, ezker eskuko arpegioak arranditsu eta solte eta eskuin eskua ornamentazio finez josita. Pachelbelen hiru fuga jostagarri entzun eta gero Georg Boehmen Sol Maiorreko Chacon-ak amaitu zuen lehen zatia, bi teklatuetan soinu efektu distiratsuak ateraz.

Nola ez, Johann Sebastian Bach Leonhardten eskutik! Atsedenaldian bere kabuz afinazioari gainbegiratu zorrotz bat eman ostean, konposatzaile polifoniko eta harmoniko handiaren lau preludio txiki dastatzeko aukera izan genuen. Interpretazioaren kalitateak gorantz egin zuen, aske, dotore, malgu eta zital izan baitzen klabezinetik zabaldutako musika korrontea. Segur aski azken aukera paregabea izan dugu Leonhardten dotoreziaz gozatzeko, honenbestez: ahaztezina eta zorionez beteko eskerrak, maisu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.