KRITIKA. Donostiako 84. Musika Hamabostaldia

Klasizismoaren ziztada

2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun

Die Deutsche Kammerphilarmonie Bremen

Zuzendaria: Omer Meir Wellber. Biolina: Hilary Hahn. Egitaraua:W. A. Mozarten Don Giovanni obertura, Biolinerako 5. kontzertuaKV 219 eta 1. sinfonia KV 16 etaF. Schuberten 2. sinfonia D125.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.Eguna: Abuztuaren 29a.

Hamabostaldia azken txanpan sartu da jada, baina bada oraindik bakarlari handiei zein orkestra sendoei ongietorria emateko paradarik. Hilary Hahn biolin jotzaile estatubatuarrak eta Bremengo Ganbera Orkestra Alemaniarrak binomio bizia osatzen dute, zalantzarik gabe. Wolfgang Amadeus Mozarten musikaren inguruan eraikitako kontzertu zolia aurkeztu dute oraingoan.

Lehen akordeekin geratu zen agerian Omer Meir Wellberrek kontzertua kontrastez beteko zuela. Don Giovanni obertura dramatismo orekatuan eskaini zuen, hasieratik dinamika aldaketa nabarmenak eginez eta orkestraren konplizitatearen zeinuak finkatuz. Horiek guztiak handiagotuz joan ziren kontzertuak aurrera egin ahala, baina Biolinerako 5. kontzertua-n orkestran zuhurtasuna izan zen nagusi. Hala, Hahnek lantzen duen soinu garbi eta zuzena nabarmendu zen berehala, liztor argi eta bizkorra balitz bezala pasarte bizietan, dotore eta lerro melodiko argiz cantabile zatietan zein rondo finean. Lehen mugimenduaren kadentziaren bira eta sena oraindik ñir-ñir egiten ari omen dira Kursaalean.

Arazo tekniko eta artistikoak zirela eta, Aziza Sadikovaren Labyrinthe du temps obra programatik kendu behar izan zuten eta, horren ordez, Mozartek 8 urterekin idatzitako 1. sinfonia eskaini zuen orkestrak. Ariketa klasiko borobila; prodijioak ez garenok sekula ezingo dugu ulertu haur batek nola konposatu zezakeen horrelakorik. Arina izan zen Meir Wellberren batuta, eta gaiak aise lotzen zitzaizkion elkarri harien jardun zehatzari esker. Franz Schubert ere gaztea zen bere 2. sinfonia idatzi zuenean, aitaren ikastetxean eskolak ematen hasi zen bitartean, 18 urte zituela. Egitura klasiko bikainaren gainetik, etorkizuneko kemena darie goranzko eskalei zein Presto-aren arrapaladako erritmoei, orkestran gailendu zirenak, Trio-an haizeen goxotasuna ahaztu gabe.

Bere kemenaren isla, Wellberrek akordeoia hartu eta bis gisa Astor Piazzollaren Ave Maria zuzendu eta interpretatu zuen Hahnekin batera. Ez dakit ausazko hautua ote zen, baina bai izan zen ederra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.