VALENTZIA KOMUNITATEKO ORKESTRA
Zuzendaria: Mark Elder. Pianoa: Nelson Goerner. Egitaraua: P. I. Txaikovskiren Piano eta orkestrarako 1. kontzertua eta D. Xostakovitxen 5. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 3a.
Egungo entzuleontzat sinestezinak dira Nikolai Rubinsteinek Txaikovskiri esan zizkionak bere lehen pianorako kontzertua estreinakoz entzun zuenean: ez zuela baliorik, jotzea erabat ezinezkoa zela, pasarteen arteko haustura eta lotura eza ezin zitekeela hobetu, obra bera txarra, hutsala eta arrunta zela; denera, soilik pare bat orrialde salbatu zitezkeela, eta gainontzekoa hobe zela suntsitzea. Txaikovskik ez zuen nota bat bera ere aldatu: Hans von Bülowi eskaini zion, eta hark arrakasta handiz estreinatu zuen Bostonen. Eta Nelson Goernerren interpretazioa ere sinestezina litzateke ikusi izan ez bagenu. Teknika orbangabea du, edozein zirrikitutik begiratuta ere: zortzidun exijenteak indar eta garbitasunez zabaltzen ditu; gai lirikoak, hala nola Andantino semplice-an,adierazgarritasunez aurkezten eta garatzen ditu; eta pasarte bertutetsuenak ere esfortzurik gabe gainditzen dituela dirudi, lehen mugimenduaren amaieran zein bigarrenaren arpegio luzeetan erakutsi zuenez. Rachmaninoven 4. preludio zoragarriarekin biribildu zuen gustu eta teknika erakustaldia.
Goernerren alboan Valentziako Orkestra fin aritu bazen —bai osotasun gisa, bai instrumentu bakarlarien parte-hartzeetan—, Xostakovitxen 5. sinfoniarekin argi geratu zen zergatik den estatu mailan talderik estimatuenetarikoa. Bereziki hiru elementu izan ziren sentsazio horren sorburu: bat, hari sekzioaren doitasun, zehaztasun eta trinkotasun paregabeak; bi, metalen soinu distiratsua eta neurtua, benetako dinamikak eta zalapartarik gabeko forte-ak egin daitezkeela frogatuz; hiru, zurezko haizeen tinbre-aberastasuna eta samurtasuna, Allegretto eta Largo berezietan berebiziko presentzia izan zutenak, eta zentzua eman ziotenak Xostakovitxen jolas eta dantza groteskoei. Hori guztia, noski, Elderren gidaritza samur eta argiaren laguntzaz. Sinfonia honen muinean konpositorearen otzantasuna edo erregimen sobietarrari iseka ezkutua ote dagoen ezin ebatzi, baina interpretazioa eta kontzertua bera markoan sartzeko modukoak izan ziren.