Artea. Kritika. Artea

Kolore festa

Jose Luis Zumetaren lanetako bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Carmelo Ortiz de Elgea, Jose Luis Zumeta. 'Argia barrura'

Lekua: Gasteizko Artium museoa. Noiz arte: 2012ko martxoaren 4ra arte.

Sarritan suertatu ohi da gazte garaian kementsu datozen artistek beren indarra galtzen dutela urteekin, haien sormen gaitasuna ahitzen baitoa. Ez zaie halakorik gertatu euskal margogintza modernoaren baitako bi protagonista garrantzitsuri, Carmelo Ortiz de Elgeari (Aretxabaleta, 1944) eta Jose Luis Zumetari (Usurbil, 1939) hain zuzen, eta hala agertzen digu Artiumen antolatu duten mostra interesekoak.

60ko hamarkadan berrikuntza nabarmena ezagutu zuen euskal artegintzak, diktadura frankistaren bakartze kulturalaren harira ostrazismo politikoa apurtu eta kanpoaldean egiten zenarekin harremanak ezartzeko asmoarekin elkartzen hasi ziren artista taldeen eskutik. Ortiz de Elgeak Orain taldean parte hartu zuen, eta Zumetak, Gaur taldean. Gaurdaino, bi margolariek bide propioa gauzatu dute, eta pinturarekiko konpromisoa geldiunerik gabe mantendu dute.

Oraingoan, bien azken produkziora hurbil gaitezke, abiapuntua bakoitzaren bi pintura klasiko izan arren, beste guztiak azken urteetan gauzatutakoak baitira. Orotara bi margolarien formatu handiko 46 lan erakusten dira, hainbat monumentalak. Erakusketa hartzen duen areto handia bi espazio nagusitan dago bereizia, eta bakoitzaren lana modu independentean agertzen zaigu, baina bien artean elkartze gune bat sortu dute, elkar topatzea ahalbidetuz, halako lanak erakusteko espazio ezin hobean.

Bi artistek badituzte hainbat ezaugarri komun. Aurreprestakuntza handirik barik, zuzenean ekiten diote mihisean margotzeari, instintiboki eta espontaneoki, eta pinturaren bitartez haien barne sentsazioak adierazi asmo dute; karrera luzean fase ezberdinak igaro arren, biengan kolorea izan da nagusia, eta abstrakzioaren eta figurazioaren artean mugitu izan dira, gehiago ala gutxiago. Baina, ezaugarri nagusi horiek oraindik mantentzen badituzte ere, hainbat bereizkuntza identifika ditzakegu bakoitzaren azken lanetan.

Ortiz de Elgeak pintzelkada sendo eta espresionista bidez gauzatutako kromatismo benetan aberatseko lanak aurkezten ditu, Zumetarenak baino geldoago eta patxadatsuagoak. Beti landu izan duen paisaia muturrera darama, eta ez daude argi abstrakzioaren eta figurazioaren arteko mugak. Hainbatetan mundu surrealistak iradokitzen dizkiguten pertsonaia fantasiazkoak agertu arren, oro har materia piktorikoa errepresentazioaren beraren gainetik jartzen da, eta kolore eta formek izaera autonomoa lortzen dute. Paisaia desordenatu horiek duten karga poetiko sakona dela eta, emozio ezberdinak sorraraz ditzakete, alaitasunetik dramatismoraino. Oro har, lengoaia ezberdinak sinkronizatuz, espresio nabarmeneko abstrakzio kromatikoa lortzen du Ortiz de Elgeak, harmoniatsua zenbaitetan.

Bestalde, Zumeta esperimentalagoa dugu. Materia piktoriko sendoa darabil, eta koloreen trataera oldarkorra da berea, espresionistagoa. Koloreen bidez sortzen ditu formak. Pintura gartsua, indartsua da berea, eta harengan betiko erreferenteek bizirik diraute, hala nola surrealismo onirikoak, itxura picassiarrek, espresionismo abstraktu estatubatuarrak eta europar abstrakzioak, CoBrA taldea kasu. Zumetaren pintura erreflexiboa da, pinturaren immanentzia baita bere gai nagusia. Baina azken lanetan kutsu neoespresionista nabari zaio —lan intimistak, lengoaia ezberdinen erabilera eta pinturaren trataera zakarra, ingerada beltzak eta kontraste handiak—, eta betiko askatasuna eta bizitasuna ez da falta. Bestetik, nabarmentzekoa da usurbildarraren lan karismatikoenetakoa, Gernika (1999), Picassori eta 36ko gerran sarraskia jasandako herriari omenaldi esanguratsua. Picassoren lana interpretatzeaz gain, aldi berean bonbardaketaren ikuspegi propioa agertzen du, trazu koloretsu erabat espresiboen leherketa bidez. Lan originala mugarri antibelizista unibertsala bihurtu bada, Zumetaren irakurketak ikuspuntu lokalean sakontzen du, pinturaren karga emozionala forma eta koloreetatik haratago eramanez.

Artiumen bertan Esther Ferrerren proposamen performatibo eta antiobjektualak erakusten diren bitartean, pintura produkzio garaikideak osasuntsu dirauela erakusten digu mostra honek, hain justu, margotzen mende erdia daramatzaten bi artisten eskutik. Bere unean haustura izan zirenak tradizionalak ditugu egun, gurean klasiko bihurtzeko bidean, adinarekin eta konstantziarekin beren lekua lortu baitute artearen munduan. Bakoitzak bere modura, indibiduo garaikideak beraien testuinguru bitalarekin duten erlazio existentziala agertzen dute, eta ikusleok, badugu haiekin identifikatzeko modurik. Abagune ezin hobea beteranoen pintura garaikidea ezagutzeko, atzera begirakoak egiteko izango baita astirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.