Kritika. Zinema

Komunikazioa, inkomunikazioa

Gontzal Agote.
2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'El método Arrieta'

Zuzendaria: Jorge Gil Munarriz. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena:90 minutu.

Azken bizpahiru urteotan dokumentalaren loraldi polita ezagutzen ari da Euskal Herrian egiten den zinema —ez nahastu euskal zinemarekin—. Are pozgarriagoa litzateke genero eta bide berriak urratzearen ondorio hutsa balitz, baina ziur aski kontua estuki lotuta dago gaur egun zinemagileek fikziozko ekoizpenak aurrera ateratzeko duten ezintasun materialarekin. Nolanahi ere, ongi etorria izan dadila inguruan dauden istorioak kontatzeko zabaltzen ari den leihoa.

Komunikatzeko modu berria sortu, hutsetik asmatu, eraginkor bihurtu, elkar ulertzeko bidea zabaldu. Horixe da Arrieta ahizpek, Mentxu eta Lourdesek, Lourdesek eta Mentxuk, ekinaren ekinaz egin dutena. Beren kasa, behar jakin batek bultzatuta: bestela ahizpek ez zuten elkarren berririk izateko aukerarik.El método Arrieta da tresna hori.

Aurrez aurrekoa eskatzen du, gertutasun eta atentziorik ia erabatekoa. Horiek guztiak modaz kanpoko joerak dira pantailen eta telefonoen egungo gaindosi inkomunikatiboan. Horregatik, komunikazioaren oinarri-oinarrira eramaten gaitu El método Arrieta-k.

Izan ere, ahizpen balentriak ez du ingurukoen artean merezi duen errekonozimendua izan, ia inor ez da animatu haiek sortutako metodoa ikasten: ez da behar, horixe da arrazoia. Hortaz, Mentxu ondorio gordinera ailegatuko da: jendeak ez badu ikasten, ez bada erabiltzen, hil eginen da.

Horrelako asko daude atzera-aurrera pelikulan. Ama hizkuntzaren ordezkapena familia giroan, aukera dugunean komunikatzeari ematen diogun garrantzirik eza, kamera aurrean jarri eta zeresanik ez denean. Horregatik, ahizpak bainoago, arrietatarrak dira protagonistak. Amaren adorea, aitaren isiluneak, txat batean ezagututako senarra.

Xumetasunetik, modu berezian dago eraikia filma. Dokumental bat beste baten barruan, metazinema ariketa berezia. Horrekin batera, hitz egiten duten argazki maiztuak, iraganaren berri emateko.

Ez da Arrieta ahizpen ingurukoen dokumental soila, fokua zabaldu eta komunikatzeko beharrekin lotuta beste ertz batzuk hartuko ditu bere barnean Gil Munarrizen dokumental interesgarri honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.