KRITIKA. Zinema

Konplexurik gabeko aniztasuna

Pixi Post eta opari-emaileak animaziozko filmaren eszena bat. SOMUGA.
Gontzal Agote.
2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun

'Pixi Post etaopari-emaileak'

Zuzendaria: Gorka Sesma. Gidoia: Gorka Sesma eta Edorta Barruetabeña.

Euskal zinemagintzarentzat bereziki distiragarria izan ez den 2016ko urte honetan, ezuste atsegina ekarri digu hondarrekoak: euskal superheroi baten jaiotza eta Gabonen inguruko topiko maiztuetatik ihes egiten saiatzen den istorio bizi-bizia.

Zaila da gazteenentzako pelikuletan gauza berritzaileak asmatzea, hain itxiak baitira populazioaren talde horretara bideratuta dauden kode eta konbentzio sozialak. Alde horretatik, ezin esan Pixi Post eta opari-emaileak apurtzailea denik, baina baditu zenbait osagai eta ñabardura zinez interesgarri bihurtzen dutena, eta, gaztetxoenetatik harago, familiako kide guztiek disfrutatzeko moduko filma egiten dutena.

Aniztasuna da istorioaren atzean dagoen gai nagusia, eta, zorionez, horretara hurbiltzeko orduan molde naturala aukeratu du Gorka Sesmak, aniztasunaren inguruko diskurtso eta formetan horren ohikoa den sinpletasunera jo behar izan gabe. Horixe baita film honen bertuterik handienetakoa, bere publiko naturalaren gaitasunean sinetsita, ez du debaldeko sinplekerietara jo behar istorio eta pertsonaiarekiko enpatia lortzeko.

Olentzero, Bizarzuri, Sneguroxka, Errege magoak eta gainerako jeinuak zeregin bera dute, haien kezkak eta egunerokoa ezagutuko ditugu, aliatuak dira baina neurri batean elkarri konpetentzia egiten diote. Horrekin lotuta dago gidoiak duen ateraldirik onenetakoa: jeinuen kontra egiteko modua horiek iragarki bihurtzea da.

Horretaz gain, filmak baditu bestelako dohain batzuk: hasieran antiheroi traza hartukoduen Pixi Post superheroiaren sorrera, dekoratu koloretsuak, pertsonaien arteko hainbat elkarrizketa mamitsu, elkarrekin komunikatzeko modua, kaktus batekin sekuentzia irrigarria, Agur XiberuaAgur Antartika bihurtuta...

Egia da dena ez dela biribila; animazioa eskematikoegia suertatuko da, eta istorio desberdinen arteko uztarketa ez da beti behar bezain ongi emanen, baina horien gainean dago Pixi Post eta jeinuei darien inteligentzia eta ezarritako mugen barnean gauzak diferente eta original egiteko nahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.