Bourbon Kings 'Performance'

Lehergailua ahoan

Diskoetxea: El Dromedario Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Graduazio onekoa da Atarrabiako Bourbon Kings taldearen proposamena. Performance bigarren diskoak denbora gehiago eman du egurrezko barrikan, eta zapore zein ñabardura gehiago ditu. Edateko gogorra da hasieran, baina pixkanaka dastatu ahala gozagarria da. Hau da, kolpetik hartu beharrean, hobe da flow sortaren erritmoan probatzea, eta azkenik lehergailua ahoan sentitzea.

Oinarri zaharkitua berritzeko ausardia erakutsi dute nafarrek. 1990eko hamarkada erdialdean AEBetan eztanda egin zuen estiloa eta estetika berreskuratu dute, egungo errealitateak kritikatzeko. Hip hoparen eta metalaren oreka zein desorekak ezin hobeto uztartzen dituzte. Formularen elaborazio egokia lortu du boskoteak, eta nabari da musikariek duten iragana. Hain zuzen ere, ZTK Rap eta Insomnio Kroniko taldeetan ibilitakoak dira.

Barruko kezka, pentsaera eta amorruak kanporatu dituzte. Kalera irten dira, harro eta erasokor: «Necesito un solo tiro, con mi revolver meterte el miedo en el cuerpo». Horrela dio Una sola oportunidad kantuak. Aldiz, Tienes mucho que callar bikainarekin mezu zuzena jaurtitzen diote gizarteari eta gaurkotasun politikoari. «Mira, con mi performance vereis como somos, mala hostia lanzada en varios tomos». Vergüenza abestiak ederki azaltzen du errefuxiatuen errealitate gordina.

Gizakiaren izaera eta psikologia ilunari ere kontuak eskatzen dizkiote diskoan, eta kantuz islatzen dituzte. Todo el mundo lo sabe, (Siempre) en la mierda eta Reir llorando kantuak ildo horretan kokatu daitezke. Letrak irakurtzeko modukoak dira, egia esan. Bestelako lehergailuak dira Rómpelo bizia eta Otra vez nafarren ereserki berria. Zuzenekoak lehertzeko aproposak dira.

Aaron DB abeslaria eta Paik DJa dira graduazioaren arduradunak, Jon, Julen eta David hiruko elektrikoarekin batera. Seigarren kide bat ere aipatu beharko balitz, hori Iker Piedrafita musikari eta teknikaria litzateke. Soinua eta ekoizpena taldeak merezi duen maila berean dago. Guztien artean posible egin dute iragana gaurkotzea, eta rap metalari indar berria ematea. Korn, Limp Bizkit eta Deftones taldeekin txoratu zirenek, hautsak astintzeko aukera paregabea dute nafarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.