KRITIKA. Donostiako 52. Jazzaldia

Lehoi beltza eta pantera zuria

Kamasi Washington, igande gaueko kontzertuan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donny McCaslin Quartet eta Kamasi Washington

Lekua: Trinitate plaza.Eguna: Uztailak 22.

Donny McCaslin (Santa Clara-Kalifornia, AEB, 1966) saxo jotzailea laukote baten buru azaldu zaigu aurten; iaz, Steps Ahead taldeari laguntzen ikusi genuen oholtza berean. Jazz Rockaren bihotzeraino joan zaigu oraingo honetan McCaslin jauna. Gustura sumatu dugu oihan urbano horretan murgilduta. Efektuak sortzen dituen pedalak erabiliz, saxoaren doinuak eraldatzen ditu, horrela, doinu bereziak, atmosfera berriak eta indar handiko adierazkortasuna lortuz. Etorri ikaragarria du saxoarekin, mila ideia, mila esaldi, lasaiak batzuk, besteak ordea, amorruaren irrintzi amaigabeen modukoak, pantera zauritu basatiaren orroak diruditenak. David Bowie gogora ekarri digu, Blackstar diskoan parte hartu baitzuen, eta, haren omenez, diskoan sartu ez zen abesti bat jo digu.

Jason Lidnederren teklatuak eta efektu eroek asko lagundu dute garaikide ukitu hori ematen, eta gaur egun disko musikan erabiltzen diren giroak lortu ditu. Jonathan Maron baxuarekin bikain eta berdin Nate Wood jauna bateriarekin. Bejondeizula, McCaslin jauna.

Kamasi Washington (Los Angeles, AEB, 1981) saxo jotzaile gazte eta bikainak liluratu, hipnotizatu egiten gaitu bere saxoaren indarrarekin. Ideia anitz ditu, eta bidea ematen die bere ideia propio horiei. Jazzaren historia berrikusi eta berritu nahi du, kultura afro-amerikarraren bidetik abiatuta. James Brown aitatu eta goraipatu egiten du; haren energia eta indarrari, haren soul eta funk inspirazioari heldu nahi dio. Garai bateko disko musika eta egungo disko musika uztartzen ditu. Riff indartsuak, behin eta berriz errepikatzen ditu, eta, riff batekin amaitu, eta, beste riff bati ekiten dio. Soloetan indar ikaragarri bat erakusten du, etenik gabe, ideia bat bestearen atzetik... Sinestezina!

Aipatzekoa da ekarri duen taldea: bi bateria, baxua —batzuetan akustikoa besteetan elektrikoa—; Patrice Quin abesten eta riffak egiten haizezko tresnekin batera, dantza xelebre eta amaigabeari utzi gabe inoiz ere. Teklatuetan eta efektuak egiten, eta hasieratik sekulako indarra erakutsiz, Brandon Coleman jaunaren laguntza ezinbestekoa izan da proiektu hau bideratzeko, helmugara eramateko. Haizezko tresnetan laguntzen, Kamasiren aita Rick, saxo sopranoarekin eta flautarekin, eta Ryan Porter jauna tronboiarekin.

Jazz garaikideko fenomeno bat da Washington jauna, zalantzarik gabe. Aurretik MacCaslin jaunak bezala, honek ere, efektu pedalak erabiltzen ditu: delay-ak, oihartzun modukoak, alegia.

Lehoi itxura du, edota txaman batena Kamasi handiak. Bai, orrazkerari erreparatuta, lehoi beltza dirudi.

Gau zoragarria Trinitateko plaza honetan. Giro ezin hobea. Lehenik, pantera zuriaren saxoa entzun dugu, eta, ondoren, lehoi beltzarena. Gora Jazzaldiko fauna!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.