KRITIKA. Artea

Lekualdatzeen jolasa

Ikusle bat Naia del Castilloren bi argazkiren aurrean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2015eko azaroaren 3a
00:00
Entzun

Naia del Castillo

Lekua: Bilboko Rekalde aretoa. Noiz arte: 2016ko urtarrilaren 17ra arte.

Badute zerbait berezi Naia del Castilloren lanek: harrapatu egiten zaituzte, seduzitu, eta haiei begira pasa ditzakezu segundoak, segundo luzeak, minutuak. Bai, badute zerbait berezi Naia del Castilloren lanek: eszenan sarrarazten zaituzte, eta haietan protagonista izan nahia sentitzen duzu lehenengo begiradatik, hain delikatuak diruditen objektuak ukitu nahi dituzu zeuk ere eta arropak jantzi, probatu, sentsazioak zuzenean sentitu; hori dena, haiei begira, harrapaturik gelditu zarelako. Bai, zinez badute zerbait berezi Naia del Castilloren lanek.

Erakusketa Retratos III eta IV eta Diálogos II lanekin abiatzen da, baina izenburuek bestela adierazten badute ere, bertan ez da aurpegirik ageri, ez eta inolako elkarrizketa biderik ere. Engainua da, edo agian jolas hutsa; benetakotasun, errepresentazio eta izenburuan iradokitzen den ideiaren inguruko erlazioen arteko gogoetara garamatzan jolasa. Aurpegirik ez, baina bustoak, bustoen argazkiak ageri dira horman, modu monumentalean irudikaturik ageri ere. Hala ere, ezin haietan inongo hazpegirik bereizi. Ileak biltzen ditu buru guztiak, ileak aurpegi guztiak, harizko harilkoak bailiran, erretratuak gauzatzea eta hitzezko elkarrizketak burutzea ezinezko bilakatuz. Subjektuaren eta subjektuen arteko erlazioa da jolasaren muina, edo, hobeto esanda, erlazio eza.

Erlojuaren segundo-orratza zeroan jarri, eta jolasarekin jarraitzen dugu. Oraingoan, ordea, izenburua asmakizuneko pista huts bihurtu da; errepresentazioaren euskarri eta jokoan, berriz, beste eragile batzuk sartu dira: objektuak. Beira-arasetan babesturik eta idulkietan ezarririk, objektuak guztiz desiragarriak dira, guztiz finak, delikatuak, urre kolore distiratsuzkoak, perla, oihal fin eta leunezkoak. Eta probaketan hasteko tentazioari ia ezin eutsirik, objektuak dira, hain zuzen ere, eszenan sarrarazten gaituztenak; eta objektu berak dira, horman esekirik, argazkietan agertzen direnak ere. Horietan, ordea, haien izaera guztiz eraldaturik agertzen da, iraulirik. Paradisutik ihesa grabaturik duen lepokoa gardentasunen artetik antzeman daitekeen bularraren alboan dago zintzilik, Evaren bularra izan liteke, nirea, tentazioaren osteko bekatuaren egilearena. Idulkian ipinirik, dekoraziozko bitxi huts izatetik errudunaren seinale izatera bihurtua. Horretan datza jolasa berriz ere; harremanetan, harremanen baldintza, norabide eta aldaeretan. Argazkikoa (ceci) n'est pas un pendentif, baina objektua bera ikusita, idulkiaren gainean, lepoko hutsa denez ere ziur al gaude?

Pertsonekiko dugun erlazioetatik hasi, lepokoarekin segi, etxekotasuneko altzariekin jarraitu eta gizakiok naturarekin dugun harremanen ikerketaraino jarraitzen du erakusketako ibilbideak. Esplorazio anonimoa da, pertsonala, eta, batez ere, intimoa. Subjektua dago proiektu ororen erdigunean, emakumea, aldatzen ez den aldagai bakarra. Honela, aurrekoaz gain, zenbait objekturen eta emakumeren arteko harreman ia arketipikoen inguruko nolakotasun, egiatasun eta aldagaien inguruko gogoetara ere bagaramatzate lanek; harreman horien ulertze, barneratze, arrazoi, eta, batez ere, normalizazioaren inguruko zalantzak eta ezbaiak piztuaz.

Erakusketa espazioan dauden lanen artean emakumearen inongo agerpen fisikorik ez duen lan multzoarekin amaitzen da, Nido de abeja seriearekin, hain zuzen ere. Urrutitik begiratuta pintura lanekin nahas daitezkeen arren, behin bertan, argazkien aurrean, argi eta garbi ikus daiteke erlauntz-puntuan landuriko oihal zatien argazkiak direla; maiz haurren jantzietan ikusten den dekorazioa, maiz emakumeek buruturikoa. Horrela, nahiz eta emakumeen presentzia fisikoa falta, haien presentzia egon, badago eta, haien eskuen bidez, erakusketan, atzetik aurrerako lotzeak eragiten dira, absentziaren eta presentziaren arteko jolasarekin jarraituaz, harreman inplizitu eta esplizituekin; koloreak ere ez dira azken espazio horretako hormetara mugatzen, eta pastel eta gorriek sedukziora garamatzate berriz ere.

Erlauntz-puntuak egiteko, eskuak hariez hornitzen zituzten emakumeek, koloretako hariez, eta horiek harilkoetatik askatzen ziren pixkanaka, ondoren irudiak josteko. Harilkoak gogoan, aretoko azken salatik lehenengora irten gara, hasieran gaude ostera; eta hor, haririk ez, emakumeen eskurik ez, baina haien ilez bilduriko harilkoak atzera presente, haietatik tira egiteko zain eta erakusketan zehar zabaltzen den amaraun perfektua josteko prest atzera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.