Kritika. Artea

Liburu arteko harribitxiak

2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
'Amable Arias. Kaosari eta zoriari forma'

Lekua: Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoa. Noiz arte: ekainaren 8a arte.

Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatu duen azken erakusketak pertsonaia konplexu baten lana aurkezten du, bai sormen prozesuen aniztasunean, bai artelanek erakusten dituzten erreferentzia pertsonalean. Amable Arias 1927an Leongo Bembibre herrian jaio zen (Espainia), eta 15 urte zituela bere familiarekin batera Donostiara etorri zen bizitzera. Gaztaro gogorra eduki zuen, familiak zeuzkan arazo ekonomikoez gain, 9 urterekin izandako istripu batek bi muleten laguntzarekin ibiltzea behartu baitzuten bizitza guztirako.

Donostiako arte mugimenduan murgildu ondoren, 1961ean, Gipuzkoako artista elkarteko lehendakaria izendatu zuten. Bost urte geroago, eta diktadura frankistak euskal kulturari eragindako bakartzeari aurre egiteko, Gaur taldea sortu zen Gipuzkoan. Talde hori, Amable Ariasek ez ezik, Eduardo Txillidak, Jorge Oteizak, Remigio Mendiburuk, Rafael Ruiz Balerdik, Jose Luis Zumetak, Nestor Basterretxeak eta Jose Antonio Sistiagak ere osatzen zuten. Taldearen helburu nagusietako bat abangoardia nazioartekoekin harremana berreskuratzea izan zen, diktadurak ezarritako trabak gaindituz. Hori guztia nabaria da erakusketa osoan, hainbat artista nazioartekoren erreferentziak jarri baitituzte.

Erakusketaren muina Ariasen liburutegiaren inguruan eraikitzen da, eta erakustaretoko erdigunea haren bizitzaren parte izan ziren hainbat liburu eta aldizkarik osatzen dute. Liburutegi honen berezitasuna ez da soilik artistaren hautaketan gordetzen —kasu honetan, Amable Ariasek bere marrazki eta poemak sortzeko euskarri gisa erabiltzen zituen—, erakusketan argi ikus daitekeen bezala.Liburuak erakusketako burmuina balira bezala, informazioa zabalduz doaz inguruko areto guztietara, eta, artistaren sormen prozesuaz gain, haren pentsamolde eta ideien berri ematen digute. Besteak beste, Borgesen, Sastreren, Marxen eta Leninen liburuak ageri dira hainbat bitrinatan.

Erdiko gunearen osotasunean, aipatutako bitrinekin ez ezik, tintazko autorretratu eta erretratu ezberdinek formatu ezberdinetako margolanekin ere partekatzen dituzte aretoko paretak. Informalismotik gehiegi aldentzen ez diren Enfrentamientos I, II (1983) lanek kontrajarritako figura ezberdinak aurkezten dituzte, fondo koloretsu baten gainean. Kasu honetan, irudikatu nahi diren sentimenduen adierazgarri garbia da fondoa biltzen duen margo gorrixka eta ausart hori. Bost urte lehenagokoak dira Figuras dramáticas en azules eta Figuras dramáticas en carmines; hauek Francis Baconen lanarekin antzekotasunak erakusten dituzte, fondo koloretsu eta landuetan egoki barneratzen diren figurak aurkeztuz. Aipatutako hiruartelan horien kontrako atalean sailkatzen dira 1970ean margotutako bi Izen gabea-k. Formatu handiko bi lan horiek gris eta txuriak tratamendu fotografikoa eta collagearekin nahasten dituzte, kolorearen erabilera more eta pasteletara mugatzen delarik. Formatu handiko lanen artean, gainontzekoarekin inongo zerikusirik ez daukan Suma de nones que dan pares (1966) gordetzen da. Artelan horrek, kolore, forma eta tratamendu aldetik, Lucio Fontanak sortzen zituen oihal zulatuen antz handia du, nahiz eta kasu honetan ez den zulaketarik agertzen.

Fondoaren eta figuraren arteko harremana ezberdina da beste artelan batzuetan. Amable Ariasen sorkuntzaren berezitasunetako bat artelan askotan erabili zituen irudi txikietan gordetzen da, komikira asko gerturatzen den irudi txikien sorkuntzara. Nahiz eta horiek tamainari dagokionez fondoarekiko garrantzia galtzen duten; ezaugarri horrek are interesgarriagoak bilakatzen ditu, eta multzoan sortutako formek osotasunean garrantzia berreskuratzen dute. Atal horretan sailka ditzakegu 1973ko Kotxeak geldirik daude futuristak hilak edo 1976ko Geometría no euclidiana margolanak, 1980-81 urte artean sortutako Homenaje a Puigmiquel paper gaineko tintazko lanenseriearekin batera, non 21 marrazkiren bitartez hainbat herrialde eta garaitako uniforme militarreibegiratu bat ematen dien.

Beste hainbat harribitxi gordetzen ditu Fernando Golvano arte komisarioak egindako hautaketak; horien artean, 1983ean Ariasek sortutako Macabros serie ikusgarria. Tinta bidez paper gainean marraztutako hamabiirudiren bitartez, exekuzio, tortura, jipoi edo heriotzen inguruko irudiak aurkezten dira. Eta ezin aipatu gabe utzi 95 metro luze dituen Rollo (1981-82), Ediciones Vascas argitaletxeko proba bat erabiliz sortutako Historia de Euskalerria (1983-84) edo areto batean aurkezten diren bi soinu artelan, Espacios poéticos (1981-82) eta Poemas fonéticos (1981).

1985ean San Telmo museoak artistaren atzera begirakoa antolatu ondoren,Donostian kokatutako artistaren lana berreskuratzea erabaki dute Koldo Mitxelenak Kulturunean, eta berriro ere hedapen eta aurkezpen ezin hobea ematen zaio Donostiak eman duen artista pertsonal eta bitxienetako baten lanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.