KRITIKA. Musika

Liverpooleko tronpetek urratutako bidetik

2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Tulsa

Lekua: Gasteizko Jimmy Jazz aretoa. Eguna: ekainaren 10a.

Kultur agenda musika jaialdien atarikoz eta herriko jaietako kontzertuz blaituta ageri bada ere, badago egon esker oneko eskaintzarik aretoko programazioen barruan. Tulsa taldeko buru Miren Izak, esaterako, kontzertua eskaini zuen Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Liverpooleko Institute of Performing Arts LIPA arte-eskolako zortzi ikasle bidelagun hartuta. Espainiako interprete eta jotzaileen artista-elkarteak (AIE) hala ezarrita, Izak astebete igaro du Paul McCartneyk Liverpoolen sortutako arte-zentroan diharduten maila ezberdinetako ikasle hautatuekin batera, bere errepertorioa moldatzen, eta, horren ondotik, kontzertu sorta eskaini du Madrilen, Zaragozan, Iruñean eta Gasteizen, hurrenez hurren, LIPAko kideekin bat eginik.

Bere diskografiako txokorik ezkutuenak berreskuratzeko eta pieza maiztuenak, kutsu elektronikoez ez, baizik aire-tresnez eta koroz janzteko baliatu du hondarribiarrak murgiltze-esperientzia. Ay kanta mantsoarekin hasteaz bat, 2007ko uztako Solo me has rozado labur eta katartikoa interpretatu zuen konbinazioak, tronpeta hotsek erabat aurre hartuta. Ildo beretik jo zuen Matxitako abestiak, saxofoi eta aire-tresnek gidaturiko orkestra harmoniko erabatekoan. Dagoeneko aretoa bere menera bildu zuten artistek, herabeki bada ere: zetorrenaren aurrerapen.

Liverpooleko gazteek, bestalde, Tulsak urteotan ondutako obraren kanturik behinenak dotoreziaz moldatu zituzten, hala Oda al amor efímero ezaguna, Centauros sarkorra eta Autorretrato, hirurak ere azken lan-bildumetako ardatzak (La calma chicha, 2015; Centauros, 2017; Ese éxtasis, 2021), nola diskografia-hastapenetako Carretera (Sólo me has rozado, 2007), blues ukituen laguntzarekin. Edozein formatutara egokitze aldera, gogotik ekin zion britainiar zortzikoteak, harik eta Pequeñas embestidas kantuan, kideetako batek Abraham Bobaren jatorrizko ahotsa berreskuratzeko ahalegina egiteraino; emaitza txukuna lortuta, dena esatera. Behin hasita, Tulsak udazken partean argitaratuko duen diskoaren No quiero hacer historia single berriarekin ere ausartu zen taldea. Horrez gain, perkusioaren, baxuaren eta koroen ekarpen nabariaren bitartez uztartu zuten La miel que pudo ser gozagarria.

LIPA bandarekin ez ezik, bakarkakoan ere erakustaldia egin zuen Miren Izak. Batetik, pianoan Amiga eta Gran Fuerza Domadora limurtzailea aletu zituen emankizunaren erdialdean. Bestetik, ikuskizunaren amaiera aldera, Yo no nací así eta Bilbao gitarraz eskaini zituen, hainbat geldialdi gorabehera. Bi bakarkako interpretazio horien ondotik iritsi zen kontzertua ixteko aldarea, zortzikotea lagun. Los amantes del puente balada zinematografikoak aurrena, eta Verano averno country ilun eta ebolutiboak gero, estasira gerturatu zituzten bertaratukoak, ordu eta erdiko jario etengabe hari bukaera ezin hobea emanez.

Artez edo moldez, gaitasun erakusketa oparoa osatu zuten bai Izak, bai eta LIPAko zortzikoteak ere. Ohiko melodiak bazter utzita, estilo berrien bilaketa jolas bilakatu da Tulsarentzat eta Liverpooleko ikasleentzat. Egokitzapen horrexek, hain zuzen ere, egiten ditu berezi nazioarteko lankidetza bera eta Gasteizkoa bezalako hitzorduak. Tamalez, urratutako bidearen amaierara iritsi da esperimentua, eta bertaratukoak baino ez dira bizitakoaren lekuko izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.