KRITIKA. Antzerkia

Lorca deseraikia

Agus Perez.
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Doña Rosita, anotada'

Konpainia: El Pavon Teatro Kamikaze. Testua eta zuzendaritza: Pablo Ramon. Eszenografia: Monica Boromello. Antzezleak: Francesco Carril, Fernanda Orazi, Elisabet Gelabert. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 20.

 

Ikusleok besaulkietara gindoazen bitartean hasi da nolabait Doña Rosita, anotada, taula gaineko hiru antzezleak noraezean zebiltzala beren artean berbetan. Aretoko argiak ere piztuta egon dira lehen minutuetan, nolabaiteko jarraitutasuna sortuz aktoreen eta ikusleen eremuen artean, eta gero ia konturatu gabe joan dira amatatzen, taula gainekoa mamitzen hasi denean.

Madrilgo El Pavon Teatro Kamikazek Federico Garcia Lorcaren Doña Rosita la soltera ekarri digu funtsean, edo haren bertsio urruna, hobeto esanda. Edo are hobeago, «lan haren bertsio librea, oharrekin hornitua, destilatua», beraiek definitu duten bezala.

1935ean estreinatu zen obra hura egileak ikusi zuen azkena izan zen frankistei galdetu zergatik, eta El lenguaje de las flores (Loreen hizkuntza) zeraman azpititulutzat, Rosita ezkongai eternalaren eta loreen arteko parabola eginez.

Adituen ustez, Lorcarengan hain emankorrak ziren sinbolismoez gain, denboraren iragate soila da lanaren gai nagusia, eta horrela ulertu omen du Pablo Ramon testuaren egileak eta taularatzearen zuzendariak. Xede horri begira, beste bide batzuetatik eraman du antzezlanaren planteamendua, jatorrizkoaren esaldi eta pasarte solteak bilduta eta haien artean tartekatuta bere bizipen eta gogorapen pertsonal asko eta asko.

Francesco Carrilek gorpuztu du Pablo Ramonen rola hasieran eta amaieran bitartean jatorrizko obrako beste pertsonaia maskulinoak eta emakumeren bat ere antzeztu ditu, Pablo Ramonek azalpen moduko bat eman nahi izan digulako Lorcaren obrarekin izan duen harremanari buruz.

Interesgarriak eta berritzaileak egin zaizkigu pasarte horiek, batez ere Carrilen gaitasun eszenikoa zela-eta eta kontuan hartuta ikusleekin noizean behin izandako solasaldi laburrak. Ni behintzat une horietan gogoratu naiz Tolcachir eta Veronese argentinarrek beren burua Espainiaren epelkeriari saldu aurretik ekarri zizkiguten lan miresgarri haiekin, eta esan beharra dago emanaldiaren zati handi batean iruditu zaidala espiritu inkonformista hark bizirik jarraitzen zuela agertokian.

Hortaz, testuari darion gehiegizko pertsonalismoa albo batera uzten badugu, proposamen interesgarri bat ekarri digu Arriagak beste behin ere, eremu eszeniko dinamiko eta berritzaile batean oinarrituta eta hiru aktoreen sendotasun eszenikoan bermatuta, hiruren ahotsak tamalez ohikoa den legez proiekzio eskas-eskasekoak izan diren arren. Egia esan, ia sufritzen egon gara denbora guztian, beren esaldi xuxurlatuak harrapatu nahian, eta zinez diotsuet Fernanda Oraziren hamar minutuko bakarrizketatik ez dudala hitz bat bera ere entenditu. Ordua hartuko dut otorrinoarenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.