Kritika. Antzerkia

Lorerik gabeko hilobiak

Errenteria
2023ko abenduaren 20a
05:10
Entzun

'EL ENTERRADOR'

Konpainia: Teatro de Dos. Dramaturgia eta zuzendaritza: Gerard Vazquez. Aktore eta produktorea: Pepe Zapata.Tokia: Niessen aretoa, Errenteria.
Eguna: Abenduaren 16a.

Leoncio Badia Navarroren bizitza hartu dute oinarritzat obra honetan, Paternako lurperatzailea bezala ere ezaguna dena. 36ko gerraren hasierarekin, Badiak errepublikanoen alde borrokatzeko boluntario aurkeztu zuen bere burua, eta hala joan zen batailara, frankisten garaipenak Bartzelonan harrapatu zuen arte. Bere kide asko Frantziara erbesteratu ziren, baina haien gomendioei uko eginez, sorterrira itzultzea erabaki zuen: Paternara (Valentzia), hain zuzen. Bertan, egundoko jipoiarekin egin zioten ongi-etorria, eta epaiketa militarrean heriotza-zigorrera kondenatu zuten arren, ausazko arrazoiren batengatik bizitza salbatu zuen. Ez zen salbatu, halere, zori horri ihes egiterik ez zutenak lurperatzetik; eta hura izan zen haren kondena: hainbat urtez, bi mila lagunetik gora lurperatu zituen, bi eskuez, pala batez. Egunez egun, gaurik gau, tiranoen begiradapean, etengabeko umiliazioa eta tratu txarrak jasanez. Basakeria horren erdian, hobi komun batean lurperatzen ziren fusilatuen identitatea eta kokaleku zehatza argitzeko sistema bat asmatu zuen, haren bizitza eta familiarena arriskuan jarriz.

El enterrador istorio horretan oinarrituta dago, baina badu fikziotik. Konpainiaren esanetan, gerra eta gerraosteko heroi anonimoentzako omenaldia izan nahi du, beren egunerokotasunetik gizatasunari eta duintasunaren aldeko jarrerari eutsi zieten milaka herritarrei zuzendua. Pepe Zapata aktorea bakarrizketa sutsuan aritzen da ordubete luzez, Leoncioren paperean gorpuak harat eta honat mugitzen, gerrako kontuak kontatzen eta zoriontsu izan ziren garaiak oroitzen. Testuinguruaren ankerkeriak eta muturreko biolentziak ia deliriora eramaten dute pertsonaia, eta ikuslearen besaulkitik, sarri, sostengaezina egiten da eszena.

Memoria historikoak memoriaz hitz egiten duenez, badirudi iraganari bakarrik egiten zaiola erreferentzia, eta, ildo horretan, zerikusirik ez duela egungoarekin. Obra honek iragana eta gaurkotasuna lotzen dituen zubi bat azaleratzen du, seguruenik ikuslea ezustean hartuko duen moduan azaleratu ere. 36ko gerran desagertutako gorpuen identifikazioa eta hobi komunetatik ateratzea auzia izaten jarraitzen duen honetan, ezinbestekoa da Leoncioren itxaropena gogora ekartzea: hark etorkizun bat imajinatu zuen, senideek gorpu horiek atera eta lurperatze duin bat emango zieten etorkizuna. Garrantzitsua iruditu zitzaion, horregatik bizitza arriskatzeko lain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.