KRITIKA. Artea

Loroak ulertzen ditugunean

Azkuna zentroan ikus daitezkeen piezetariko bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'...Tokiren batean finkatzekobehin-behineko modua behintzat'

Non: Bilboko Azkuna zentroan. Noiz arte: 2017ko urtarrilaren 22ra arte.

Tokiren batean finkatzeko behin-behineko modu bat. Eta toki hori lorategia da. Lekuaz gain, ordea, behin-behinekotasun horrek badu garrantzi berezia kasu honetan, hain zuzen ere, ezohiko erakusketa proiektu baten aurren baikaude, ia proiektu esperimentaltzat har daitekeena, ikaste prozesu bat, nolabait esateko. Eta horri lotzen zaio leku jakin horren behin-behinekotasuna. Prozesu guztiak, prozesu diren horretan, behin-behineko baitira.

Esperimentu honen izena Komisario berriak izan zen, heziketa dinamika bati loturik, D2016ren barruan garatu zen komisariotza programa, eta programa horren barruan modu artifizialez sorturiko komisario gazte taldeak hain denbora gutxian garatu beharreko emaitza, berriz, honako hau, edo emaitzaren zatia, hobe esanda, erakusketa hau emaitza osoaren preludiotzat har baitaiteke; proiektuaren osotasunaren sarreratzat.

Harrera, erakusketa gelara sartu aurretik, larruzko sofen alboan, egurrezko idulki baxu eta zabal batean ipinirik, Emilio Arauxoren bi argazkik egiten dute. Bi esku dira, zuri-beltzean. Bi esku zahar, landu; ez dira idazluma batekin firmak idazten aritutako eskuak. Nekazari eskuak dirudite, zailduak denboraren eta lanaren poderioz, lurra aitzurrarekin lantzearen poderioz, lurra geure neurrira bihurtzearen, eta modu horretan, hari lotutako bizi-zikloak ulertzearen, aztertzearen, eta, era berean, geure beharretarako onuragarri bihurtzearen poderioz. Lan zaila, nekeza, egun hirietara begira bizi garen honetan, ia ikusezin bilakaturikoa, baina gizakiak nomada izateari utzi zionetik, lurrarekiko izan duen harremana definitu izan duena.

Argazki bakoitza fotokopiaturik agertzen da, eta horietako bat eskuan harturik —agian irudia, ahanzturan, harrera gelara mugaturik soilik geldi ez dadin—, erakusketari forma ematen dion proiektu zentrala bisita daiteke: Allora & Calzadillaren The Great Silence, hiru kanaletako bideo instalazioa.

Erakusketa aretoan gaudelako, agian, eta, erakusketa areto guztietan arau gisa isiltasunak nagusitu behar duenez, bertaratu ostean, ikuslea segituan ohartzen da badirela soinu batzuk ohiko isiltasun hori apurtzen dutenak. Txoriak dira; zehatzago, loroak. Lehenengo pantailan proiektaturik, oihanean ikus daitezke, oihan tropikal batean.

Sar gaitezen oihanean, imajinatu geure burua mendian, baso batean, bidezidor batetik oinez, nolabaiteko lorategian. Eta hiritik urrun, kotxeen zarata, klaxon eta beste gizakion oihu, hitz eta soinurik entzuten ez den horretan, isiltasunez inguraturik sentitzen gara. Hori izan daiteke The Great Silence, baina oihanak, basoak, isiltasunetik gutxi du, erakusketa aretoko proiektuak azpimarratzen duenez. Ingurune ulertezina da modu handi batean guretzat, eta nahiz eta natura gure neurrira bilakatzen ahalegindu izan garen maiz, baratze eta lorategiak sortuz, esaterako, inguruneei guretzat ulerkorrak diren forma jakinak emanez, natura, bere egoera basatienean, oraindik ere guztiz ulergaitz zaigu. Soinuak entzuten ditugu, eta baita identifikatu ere nondik datozen maiz, baina zer diote? Hori, oraindik ere, misterioa da guretzat.

Allora eta Calzadillak, ordea, horretan laguntzen digute, eta soinu horietako bat itzuliz —Ted Chiang fikziozko idazlearen hitzen bidez—, bigarren pantailan, loro batek zuzenean hitz egiten digu, maiz ulergaitz zaiguna ulergarri bilakatuz eta besteratzea proposatuz. Zuzenean hitz egiten digu loroak, gurekin komunikatzeko gaitasuna du, eta gizakion kontraesan handiez hausnartzera garamatza, kasu jakin bat aztergai hartuta: gizakiak, handinahikeria dela eta, Arecibo behatokia sortu zuen Puerto Ricon orain urte batzuk, espaziora seinaleak igorri eta bertatik seinaleak jasotzeko asmoarekin; alegia, unibertsoan bestelako bizitzarik bada, haiekin komunikatzeko asmoarekin. Baina nola komunikatu haiekin, Lurreko bertako beste espezieak —Areciboren inguruan bizi diren loroak, tarteko— zaindu, haiekin komunikatu, eta haiek ulertzeko gaitasunik ez baldin badugu?

Gizakion ohiko jokaeraren parte da beti gehiago nahi izatea. Ohiko jokaera da, dugunarekin konformatu ez, eta ondokoarena ere geureganatu nahi izatea; geure arazoak ebazteko gai ez izan, eta ondokoarenak ebazteko aholkuak ematearena; gure lorategi propioa oraindik ezagutzeko gai izan ez, eta bizilagunarenean noiz zangoa pausatu amestea. Bideoko loroaren hitzek, ordea, begirada berriz ere gure lorategiko lore, har, tximeleta eta belar bakoitza ongi behatzearen garrantzia erakusten digute, gainbegiradetan oharkabean pasatzen diren horiek behatu eta kontuan hartzera, geure kontraesanez jabetzeaz batera.

Erakusketa hau, ordea, aipatu bezala, proiektuaren osotasunaren preludioa besterik ez da, lorategira sartzeko eman beharreko lehenengo pausoa. Gehiagorako gogoz eta jakin-mina piztuta, proiektua oinarrituriko lorategiaren txoko eta organismo bakoitzaren azterketa egiteko oraindik ere itxaron egin beharko, ordea. Hurrengo zita, Montehermoson.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.