Kritika. Antzerkia

Lurra, ura, airea eta sua

Agus Perez.
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'Yerma'

Egilea: Federico Garcia Lorca. Zuzendaria: Miguel Narros.

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 7.

Garcia Lorca handiak 1934an idatzi zuen bere antzezlan nagusietariko bat —Yerma—, eta harrez geroztik hainbatetan antzeztu da, bere barne indarra eta balio unibertsalak nabarmenduz.

Emakume protagonistari dagokion Yerma ezizena lugorriak eta eremu idorrak izendatzeko erabiltzen da gaztelaniaz, baina idazleak bere sen poetiko ukaezina baliatu zuen seme-alabarik ez duen emakume honen egoera kolpean eta betiko deskribatzeko. Aldi berean, gainera, lotura zuzena ezarri zuen lurrarekin, nahiz eta Aristotelesen gainontzeko elementuak ere —ura, airea eta sua— oso presente dauden protagonistarengan eta testu osoan, eta horrekin ere urruneko lotura bat ezartzen da Antzinatasuneko tragedia handiekin.

Hala ere, lurrak erabateko presentzia dauka nekazari giroko drama honetan, eta ez bakarrik emakume baten ustezko antzutasunaren kontura. Izan ere, Yermaren arazo pertsonala dirudiena garai bateko Espainia atzeratuan kokatzen da ezinbestean, eta pertsonaien atzean mundu hartako idortasuna, harreman itxiak eta sinesmen kriptikoak agertzen dira, herriaren parte diren arketipo ugariren bidez. Haien artean, bereziki nabarmenak dira Yermaren senarra, haren bi arreba santujaleak, artzaina —Yermaren amodio platonikoa— eta atso sinesgabea. Tragedia klasikoan bezala, guztiak daude harrapatuta muga sozial hermetikoetan, eta protagonistak ezinezko irteera bilatu beharko du giro itogarri horretan.

Miguel Narrosen konpainiak Espainiako Centro Dramatico Nacional delakoaren laguntza eduki du muntaian, eta horrek ahalbidetu du alderdi eszeniko guztiak edertasun handikoak izatea eta aktore ugari taula gainean ikustea. Izan ere, dekoratuak aipamen berezia merezi du, elementu gutxi batzuekin iradoki baititu tragediaren agertoki guztiak, argiztapenaren ezinbesteko laguntzarekin. Antzezpenak, ordea, ez dira heldu espero zen mailara: kantu eta esaldi koralak kalitate eskasekoak eta kemenik gabeak suertatu dira, rol sekundario asko bi protagonistenak baino askoz indartsuagoak egin zaizkigu eta Silvia Marsok —Yerma—gehiegizko interpretaziora jo du, eta amaierako eszenan Nuria Esperten deklamazio desegituratua gogorarazi digu. Eskerrak Lorcaren testua horren guztiaren gainetik nagusitu den!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.