Kritika. Zinema

Maitasunaren utopiak

Gontzal Agote.
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
'Ruby Sparks'

Zuzendaria: Jonathan Dayton eta Valerie Faris. Aktoreak: Paul Dano, Zoe Kazan eta Annette Bening. Herrialdea: AEB. Iraupena: 104 min.

Bat-bateko, ezusteko arrakasta itzela lortu eta gero, zer? Ataka konplikatuan dago Calvin protagonista. Lehen eleberriaren milaka ale saldu, eta, orduz geroztik, ez du bide literarioa segitzeko inspiraziorik topatzen. Orrialde zuriaren gaitza.

Dayton eta Faris zuzendariek oso ongi jakin behar dute zer den gisa horretara sentitzea. Orain dela sei urte, haien lehen film luzeak izugarrizko harrera ona izan zuen —neurriz kanpokoa, dena esatearren—. Little Miss Sunshine txikia puztu egin zen, urteko filmeetako bat bihurtzeraino.

Espero zitekeen lehenengoaren ildotik segitzeko saioa egitea. Formula gustagarria aurkituta, zergatik baztertu? Zorionez, ez da Sunshineko familiaren arrastorik Ruby Sparks honetan; kredituengatik ez balitz, beste norbaitek egin duela pentsatzen ahalko genuke.

Woody Allenen komedia onenen itzala oso presente egonen da filmaren lehen partean. Musa literarioaren gorpuzteak paralelismo handiak ditu Manhattango zuzendariaren obsesio askorekin; The Purple Rose of Cairo-rekin edo, beste aldaera batean, Alice-rekin. Alde horretatik, Ruby Sparks-ek asmatuko du berez sinesgaitza izaten ahal den gertaera bat naturaltasun osoz aurkezten. Filma ez da itzulinguruetan galduko. Gaur egun hautu hori egin izana guztiz txalogarria da.

Komedia erromantiko petoa da lehen parte hori, bikote protagonistaren arteko sintonia onak eta interpretazio bikainak lagunduta. Azken urteotako gisa bereko kultu film baten traza hartzen ahal zaio, (500) Days of Summer (Marc Webb, 2009).

Bigarren zatian, baina, dezente ilunduko da tonua. Amaren etxera egindako bisita da —bestalde, filmak duen atalik kaskarrena— bi parte horien arteko mugarria. Hortik aurrera, maitasun platonikoaren eta eguneroko errealitatearen arteko amildegia modu ezin gordinagoan agertuko ditu bikote harremanak. Zuzendariek ez dute pertsonaiekiko batere gupidarik erakutsiko; Calvin, friki berekoi arriskutsu bihurtuta, amodio utopikoaren nahi eta ezinaren adibiderik onena da.

Itxurazko arintasun baten pean egi deserosoak ezkutatzen dituen pelikula aparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.