KRITIKA. Artea

Mingotsa

Hinrich Sachsek San Telmon egin duen lana. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Hinrich Sachs

Erakusketa:Ez du pausorik debalde ematen. Non: San Telmo museoan, Donostian. Noiz arte: 2024ko urriaren 27ra arte.

Gustura joan ohi naiz San Telmo museoan Museo Bikoitza programaren barnean aurkezten dituzten proiektuak ikustera. Museoko bildumari beste erpin batzuetatik heltzeko esku hartzeak dira, erakusgai dauden objektuen gaineko irakurketa geruza gehigarriak eta zabalagoak eskaintzen dituztenak. Azkena kaperan izan zen, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen eskutik, eta testigua Hinrich Sachsi pasatu ziotela jakin orduko, bete nintzen irrikaz hurrengo proposamena ere ezagutzeko. Artista honen berri Stockholmen 2012an egin zuen Kami, Khokha, Bert and Ernie proiektuaren eskutik izan nuen, eta hari buruzko idatziak irakurri eta argazkiak ikusi ostean, zirraraturik gelditu nintzen. Orain, Donostian espresuki egindako proiektu bat ikusteko aukera izango nuen.

Harrezkeroztik, urtea pasatu da bada, eta urriaren 27an izan zen proposamen berriaren inaugurazioa. Egunean bertan ezin izan nintzen bertaratu, baina larunbat goizean bai, eta irrikaz inguratu nintzen. Bertaratutakoan, ordea, inon ere iragartzen ez zelarik, sarreran esan ziguten bezperan inauguratutako proiektua ezin zela bisitatu, beste ekitaldi bat zela eta. Zur eta lur buelta. Esku hutsik etxera. Eta buelta berriz ere museora igande goizean. Bigarren saiakeran bai, izan genuen bisitatzeko aukera, eta bezperan guri gertaturikoa beste hainbati ere pasatu zitzaiela entzun genuen. Halako gertakariek mingostu egiten dute, inolaz ere, gorputza, eta, ondorioz, baita bisita ere.

Ez dakit sartzeko prentsa-txartela erakutsi nuelako izan zen, baina bakarrik proiektua ikustera joan ginela esan genienean, bertara heltzeko laguntza eskaini ziguten, topatzeko ez omen da erraza; langile baten atzetik joan ginen, beraz: irteera atetik sartu eta lehenengo solairura igo ginen. Hala egingo ote dute proiektua ikusi nahi duen ororekin? «Hauxe da», esan zigun, «eta beste hau ere bai», atzamarrarekin seinalatuz. San Telmoko bildumaren bihotzean ginen, ehungintzaz, arrantzaz, baserriaz eta artzaintzaz hitz egiten den espazioan; kaperako koroan.

Erdi-erdian, baina lera eta beste tramankulu batzuekin espazioa konpartitzen, Sachsen proiektuko pieza zentrala dago. Sabaitik zintzilik lurrera erortzen den oihal zuri monumentala da; aretoko iluntasunean zentzu teatrala hartzen duena, nahiz eta protagonismoa beste tramankuluekin konpartitu behar izan. Oihalari bira eman, eta hor dago proiektuari erreferentzia egiten dion karteltxo bakarra. Informazio minimoa agertzen da: Pasaian eraikitako San Ignacio de Loyola ontzian erabilitako oihaletako baten kopia omen da, lihoz eginikoa, Venezuelara (garaian kolonia zena) merkantziak eta tropak garraiatzeko. Pieza bezala ederra da, espazioan ikaragarrizko presentzia, pisua eta indarra hartzen du. Eta laia, golde, saski eta abarken artean, kolonialismoa garatzeko erabilitako bideak beste optika batetik jasotzen dira, sistema haren konplexutasuna argitzen laguntzen baitu haren erroak noraino zabaltzen ziren agerian utziz.

Proiektua, ordea, beste bi elementuk ere osatzen dutela ipintzen du kartelak: Josune Urrutiak egindako ilustrazio multzo batek eta Leire Bergarak idatzitako entseguak. Lehena, Sachsen piezaren alboko banku batean topatu nuen aurrena, bi aldeetatik landutako orri bat da, tolestuta dagoena bisitariek har dezaten. Bertako argiztapen eta leku faltagatik, ordea, ez da batere erosoa irekitzeko, eta ezin izan nuen oihalarekiko lotura ikusi. Orduan, korutik atera eta bertaratzen lagundu zigun langileak «eta beste hau ere bai» seinalatu zigun lekurantz joan ginen. Gurutze puntuaz egindako brodatuen txokoa zen hura, eta han Urrutiaren lana zegoen, baina orriaren alde bat soilik zen ikus zitekeena. Bergararen ikerketaren berririk, berriz, inon ere ez. Museotik irtetean sarreran galdetu eta bi aldiz zeren bila genbiltzan azaldu ostean, grapatutako orri batzuk eman zizkiguten entseguarekin.

Pieza nagusiari ekarpen handirik egiten ez dioten arren, ilustrazioa eta entsegua proposamen beraren parte izanik garrantzi eta errespetu berarekin aurkezteko elementuak dira, eta horren absentzia agerikoa da tamalez. Bisitaren hasierako mingostasuna bueltan zen; erakusketari eta proiektuari itxuraz eskainitako zaintza eta goxotasun faltaren ondorioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.