KRITIKA. Erakusketa

Mistika galduen kartografia

Erakusketaren kartelera eramandako irudia. MIGUEL HERNANDEZ UNIBERTSITATEA.
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
'Festa pagana'.

Artistak: Raisa Alava, Bego Anton, Juana Cima, Helena Gonzalez, Jeleton, Señora Polaroiska.Non: Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitatea (Herrialde Katalanak). Webgunea: cultura.umh.es.

Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla komisario independenteek antolaturiko mostra honetan, itzaletan geratutako izaki, praktika eta jakinduriekin egingo dugu topo. Errenazimentu garaiko intelektualismoaz geroztik ezarritako arrazoiaren gorentasunak eta, oro har, produktibitate kapitalistak estalitako egitekoen eta jakiturien memorian arakatzen du erakusketak. Historikoki, horiek emakume gisa irakurritakoek gauzatu izan dituzte, sorgin ehizaz geroztik desagerrarazitakoek; ezer seriotzat hartu gabeek. Hala ere, magiarekin eta naturarekin lotutako liturgiak Antzinaroko gizarteetatik praktikatu izan dira, hots, kristau doktrinaren zabalkunde erabatekoa gertatuta aurreko pentsamenduetatik.

Erakusketa bi aretotan antolatzen da, sala universitas eta sala gris-en. Lehenengoa guztiz zuria den aretoa litzateke, eta horretan bost artista garaikideen obra batzuk topatuko ditugu, erakusketaren mamia osatzen dutenak. Hasteko, Jeletonen Loreen historia politikoa proiektua osatzen duten hainbat lan ikus daitezke. Alde batetik, paretan kokatutako tarot berrasmatua ikusiko dugu, landare eta pertsonaia mitologikoak eta loreen irudiak uztartzen dituena, tarot original bat abiapuntutzat hartuta. Lengoaia testual eta grafiko bidez, sendabelarrak, magia, sentsualitatea, queer-a eta naturarekiko harremana lantzen dira. Jeletonek punkean ditu erreferenteak, eta fanzine eta DIY (do it yourself) artxibo feministekin egiten du lan. Izan ere, lan egiteko modu hau bere obraren instalazioan islatzen da. Hala nola paretan kokaturiko irudien instalazioan igar daiteke, modu askean, euskarri eta babes barik kokatuak, eta sabaiko alde batetik bestera eskegita agertzen den No morirá la flor kartel modukoan.

Paretan kokatutako irudien azpialdean, izkinatxo batean, Raisa Alavaren zeramikazko gizatalde bat topatzen dugu, komunitate androginoa dirudiena. Komikitik eta ilustraziotik edaten duen artista horren izaki hibridoek zorizko era batean sortutako formak eta konposizio askeak agertzen dituzte. Lurrean kokatutako eskulturekin diagonalki komunikatuta, idulki baten gainean kokatzen da Alavaren beste zeramika lan bat, bestelako tamaina, forma eta elementu organikoekin ornamentatua. Aldi berean, Juana Cimaren eskultura lanak ere aurkituko ditugu, naturarekin harremana, mitologia, sexualitatea eta kosmogonia lantzen dituztenak, eskultura arkaikoen formak gogora ekartzeaz batera. Halaber, gorputzen hibridotasunarekin, eta forma eta konposizioekin jolasean, Helena Gonzalezen lanak ere aipatzekoak dira, deskonposatu eta berrartikulaturiko ideia bisualak erakusten dituztenak, eszena bereziak sortuz. Iruditegia propio baten isla dira osatutako collage moduko paisaiak, non natura eta izaki antropomorfikoek presentzia nabaria duten.

Jeletonen tarotaren alboan, paretako zuritasunarekin kontrastatzen duen Bego Antonen argazki seriearekin egiten dugu topo. Bata bestearen alboan, egurrezko marko batez inguraturik agertzen dira Haiek denak sorginak proiektua osatzen duten argazkiak. XVI. mendean Euskal Herrian gertatutako sorgin ehizaren irudizko narratiba honetan, giro basotsua iradokitzen duten eszenak, loreak eta euskal kultura osatzen duten jatorri paganoko elementuak agertzen dira. Argazkiekin batera, instalazioan, in situ, sagarrez beteriko fruta-ontzi bat erakusten da, argazkietako batean izoztutako sagarren errepresentazio fisikoa balira bezala. Universitas aretoan, gainontzeko obretatik aparte topa daitekeen azken lana, Señora Polaroiskaren Andre Kale obra bisualaren proiekzioa litzateke, hiru pantaila ezberdinetan ikus daitekeena. Proiektu honek, ahozko tradizioan oinarrituta, istorio mitologiko berezko bat eraikitzen du, asmaturiko hiru emakumezko abiapuntu, bakoitza izaera baten adierazle. Beraz, hibridoak ez dira soilik errepresentatzen diren izakietan eta gorputzetan konkretatzen, hibridoa baita erakusketak ikuskatzen duen lengoaia artistikoa ere.

Bestalde, Sala Gris-a aurreko aretoa kontzeptualizatzeko espazioa litzateke, non dokumentu bisualak eta bestelako irakurketa baliabideak eskaintzen diren. Bertan, paretan kokatuak agertzen zaizkigu artearen historiako kronologia ezberdinetako irudiak: Mesopotamia garaiko liturgiarako izaki antropomorfoak, sugeen jainkosa, venusak, Xexte3 etxeko azafraia ama-jainkosari eskaintzen, emakume nekazariak, akelarreak... Finean, antzinatetik aro garaikidera arteko natura, liturgia, mitoa, botanika edo magiarekin lotutakoak irudikatzen dituztenak. Irudi guzti hauek Mnemosynne formatuan erakusten dira, hots, elkarren arteko komunikazio eta loturak modu askean iradokitzen dira, muga zehatzik gabe, mapa kontzeptual bat izango balitz bezala.

Memorian arakatzeko ariketa hau egiteko, artxibo historikoa eta arte garaikidea, nolabait, uztartzen direla esan daiteke, erakusketa bidaiatu daitekeen atlas bat bilakaturik. Gauzak horrela, harreman sare bereziak sortzen dira artelanen artean, erakusketak, esanahi bakarrera mugatu barik, emozio eta bizipen ezberdinetatik tiraka, ikuslea hausnarketara bultzatzen baitu; baina baita, behin izan zenarekin bisualki harremanetan jarriz, oroitzera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.