Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Naturak eztanda egiten duenean

Evil Does Not Exist filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'Evil Does Not Exist'

Zuzendaria: Ryusuke Hamaguchi. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 105 minutu.

Tokiotik gertu dagoen herria. Basoz inguratua. Zuhaitzak, erreka, oreinak. Bertan bizi da Takumi, bere alaba Hanarekin. Takumik egurra zatitzen du aizkoraz. Ondoren ura hartzen du errekatik eta plastikozko edukiontzi batzuetan gordetzen du. Herrikideari wasabi landarea non dagoen erakutsiko dio, udon fideoekin jateko primerakoa. Hanaren bila joango da eskolara, baina berandu iritsi denez, Hana oinez itzuli da etxera, bere kasa.

Hiriko enpresa batek proiektu berri bat egin nahi du Takumiren etxe inguruko lurretan. Glamping negozio bat: glamourra duen kanpina. Proiektua aurkezteko enpresako bi ordezkari joango dira hara, herritarrekin bilera bat egitera. Argi geldituko da proiektua eraikitzeko garaian inguruaren zaintza eta jasangarritasuna izan dela enpresaren azken kezka.

Ryusuke Hamaguchi japoniarraren azken filma da Evil Does Not Exist. Drive My Car filmak izan zuen aintzatespenaren ondoren, Eiko Ishibashi musikagileak proposatutako proiektu txikiago baten ondorioz sortu zen pelikula. Haren bizilekua, ingurua, baliabideak eta bizimodua mehatxatuta ikusten duen komunitatearen istorioa kontatzen da japoniarraren film luzean; Takumi ordezkari duen komunitatea.

Benetan harrigarria da japoniarrak duen abilezia gutxirekin eraikitzen joateko, eta behar dena baino gehiago ez erabiltzeko: hitz bakoitza da beharrezkoa pertsonaiak osatzeko, pertsonaia bakoitza da beharrezkoa istorioak aurrera egiteko, eta ezer ez dago sobran, ezer ez da apaingarri. Detailearen garrantzi horrek egingo du filma bere osotasunean koherente.

Hamaguchi kontakizunaren erritmo eta tonuarekin jolastuko da, istorio ezberdinak ikusten ari garela iruditzeraino ia. Zaila da tramak nora eramango gaituen jakitea, eta era berean pista guztiak hasieratik bertan zeudela ohartuko gara. Natura eta haren baliabideak protagonista diren lehen zati kontenplatiboago batetik, hitzak gailentzen diren giza mundu batera igaroko gara, eta bi unibertso horiek talka egiten duten unearekin amaituko da filma. Hiru genero berezi diruditen kontakizunetatik dotore nabigatzen du Hamaguchik, kasik ohartu gabe garamatza batetik bestera, eta soinu bandaren erabilerak hasieratik erne jartzen bagaitu ere, filmak badu puntu aztoragarririk, zerbaitek eztanda egingo duen sentipenik. Aitortu beharra daukat espero ez diren bat-bateko amaiera harrigarri horiek geroz eta gutxiago gustatzen zaizkidala, zinema nahikoa manipulatzailea dela onartuta ere, ikuslea engainatzeko era errazegia iruditzen baitzait. Hamaguchiren kasuan, ordea, amaiera hori lehen unetik joan da eraikitzen, eta, ezustean hartzen bazaitu ere, kontakizunarekin koherentea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.