KRITIKA. Artea

Nerabezaroa kritikotasunetik eraiki?

Un film dramatique filma. BERRIA.
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Eric Baudelaire.'Un film dramatique'

Non: Artium museoa, Gasteiz.Noiz arte: Urtarrilaren 23ra arte.

Ikus-entzunezkoak egituratzeko parametroak, lengoaiak, irudiak... askotarikoak izan daitezke; alabaina, egia da horien inguruan izan genezakeen aurreiritzia molde zehatzetara egokitzen dela. Hain zuzen, errealitatea eta fikzioa, edota pelikularen eta dokumentalaren arteko mugak lausotzeko aukerak mugatzen dituzte horiek. Hala ere, fokuetatik aldentzen diren zirrikituak badira, zeintzuetatik moldeak malgutzen dituzten lengoaia estetiko eta diskurtsibo berriak aurkezten zaizkigun. Malgutze lauso eta bigun horretan kokatzen da, alegia, Artiumeko Z aretoan kokatutako Un film dramatique ikus-entzunezkoa.

Film gehienen moduan, horrek baditu zuzendari jakin bat, editore bat... Baina kolektiboa da guztiz. Eric Baudelaire zinemagileak Parisko Saint Denis auzoan kokatutako Dora Maar eskolako ikasleekin batera sortu baitzuen hura. Bada, prozesu baten testigantza da erakusketa/zinema aretora barneratzen garen momentuan helaraziko zaiguna.

Filmaren erroak deigarriak dira jada, enkargu baten emaitza baita hura. Frantziako eraikin publikoak irekitzen diren momentuan, artelan batekin omentzen dira. Beraz, Dora Maar ikastetxearen irekierarekin bat, artearen materialtasunetik aldenduz, Eric Baudelaire zinemagileari egin zitzaion filma sortzeko enkargua. Halatan, zinemagileak lau urte eman zituen ireki berria zen ikastetxeko lehenengo belaunaldiko ikasleekin lankidetzan, 11 eta 15 urte bitartekoekin, zehazki.

Lehenengo espazioan, nolabaiteko epilogo baten eran, horma zuriak blaitzen dituzten bideoak proiektatzen dira, zeintzuetan haurren ahotsak eta kaleko soinuak tartekatzen diren. Alabaina, kasu horretan ez dago egileen inolako aztarna zehatzik, susmoak baizik.

Espazioak banatzen dituen gortina beltza zeharkatzean baieztatuko diren susmoak, alegia. Ikasleak baitira, askotan, kamera esku artean dutenak. Baina haien interbentzioak ez dira horretara mugatzen, proiektuan parte hartu duten hogei ikasleek, irudiak eta ikusteko erak sortzearekin bat, hausnarketak partekatzen baitituzte.

Aurretik esan bezala, filma prozesu baten testigantza da. Alegia, haur izatetik nerabe izatera pasatu diren hogei pertsonaren aztarna, zeinetan inguruarekiko kontzientzia bereganatu eta eraikitzen duten. Egile eta partaideak haurrak direla kontuan izanik, askok ondorioztatu dezakegu nolabaiteko inozentzian zentratzen dela ikus-entzunezkoak bidaltzen digun hausnarketa. Ba... ez! 11 urteko haurren hausnarketek zuzen-zuzenean eragiten digutela argitzen baitzaigu filmaren zenbait ataletan.

Nabarmentzekoa da, bereziki, bi gazteren arteko eztabaida. Donald Trumpi eta Marine Le Peni kritikak bideratzen dizkietenean, jatorria, jaioterria eta nazionalitatea ezberdintzen dituzten parametroen inguruko hausnarketetara ailegatzen dira: nazionalitatea jaioterrira mugatuta dago? Jaioterriak gure jatorriarekin lotzen gaitu? Edo ez du zertan nazionalitatearekin lotura izan?

Erantzunak ez dira absolutuak, irekiak baizik, ikusleak hausnarketen partaide bihurtzen baikara. Eta, era berean, ikus-entzunezkoa egituratu den testuingurura gerturatzen gaituzte. Izan ere, kontuan hartzekoa da ikastetxea kokatua dagoen auzoarekiko ikuskera estereotipatua, hark dakartzan aurreiritziekin bat...

Alabaina, diskurtsoa ez da hausnarketa politikoetara mugatzen, hizkuntza filmikoen inguruko eztabaidak, ekintzak eta sorkuntzak aurkezten baitzaizkigu, baita ere. Ikasleek beren bizimodua aurkezten digute zenbaitetan, eta, alderantziz, kameraz baliaturik ingurua filmatzeko baliabideak ikertzen dituzte, eta, horrela, espazio berriak eraikitzen dituzte. Halaber, beren gatazka propioak azaleratzen dituzte partaideek, baina azken finean gatazka intimoak diren horiek konpartitu, eta kolektibo bihurtzen dira, baita ere.

Un film dramatique-k molde zehatzera egokitutako ikuskera horiek hartu, bereganatu eta berreraikitzen ditu. Halatan, ironiaz eta kritikotasunez blaitzen gaitu. Eta, era berean, adinaren ondorioz gutxietsitako ahotsei soinua, doinua eta zarata ematen die errealitatearen eta fikzioaren artean kulunkatzen den filmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.