Kritika. Dantza

Nortasun mingarria

Agus Perez.
2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
'NAN'

Konpainia: Ertza.

Lekua: Bilboko Alondegiko aretoa.

Eguna: apirilak 25.

Piano nota kementsu batzuek osatu dute Asier Zabaletaren azken sorkuntzaren preludioa, eta oihala zabaldu denean benetako ura zirudienaren proiekzioa agertu da behegainean. Asier Zabaleta prakak, jaka eta alkandora zuriak jantzita agertu da, oinutsik, eta uren eremuan sartuta, agerian utzi du gaiari ekiteko prest zegoela.

Orduan, bandera zuri erraldoi bilakatu da beheko proiekzioaren oihal handia, bakearen ideia baino gehiago aspaldiko liskarrak gainditzeko ikur moduko bat irudikatuz, eta Ihesa zilegi balitz olerki ederra deklamatu du Asierrek. Aldi berean, Iñar Sastrek bere ikuspegi delikatua eman dio Xabier Leteren abestiari, eta bide beretik ibili da emanaldian zehar, berak sortutako piano konposizio bikainean euskal kanta ezagun batzuen eraldaketa sotilak tartekatuz.

Izan ere, Zabaletak euskal herritar bezala dituen oroitzapenak eta bizipen mingarriak azaleratzen ditu NAN ikuskizunean, Sastreren partitura eta interpretazioa proposamenaren ardatza direla, baina egia esan, dantzaren kalitatearekin batera, elementu guztien arteko kohesioa eta elkarlana dira pieza honen bereizgarri nagusia. Dantzariak hasiera-hasieratik erakutsi digu sasoi betean dagoela, eta bere mugimendu kalitate bikaina keinu-ekonomia interesgarrian eta dotorezia handiko jarrera ugarietan gauzatu da. Horretaz gain, mugimenduaren diseinuan asmatu du koreografoak gehienbat, hizkera pertsonal garaikidetik, euskal dantzatik eta bizitza arrunteko keinuetatik edan eta hori guztia beste plano batera eraman baitu, koherentzia sakonaren eta barne esanguraren izenean.

Horrela izanik, aingeru hegalaria bihurtu da askotan, lurrera itzultzean amorruz eta etsipenez agertu den arren. Eszena batzuetan, gainera, iruditu zaigu denbora gehiago ematen zuela airean lurrean baino, eta beste atal batean oroitzapen mingarriek hartu dute artistaren gogoa, haren eztarritik irtendako aieneek partituraren dramatikotasunarekin bat zetozela. Era berean, ikuskizunaren parte izan da Joan zaretenoi, adio izeneko pieza laburra, merezimendu osoz gainera.

Dantzaren inguruko alderdiak ere —elementu eszenikoen erabilera, argien diseinu landua eta ganorazko bideo-proiekzioak— ekarpen handikoak izan dira lanaren osotasunari begira. Baina, ene uste apalean, lan honetatik gogoratu behar duguna da koreografoak unibertsaltasuna erakutsi duela herri malapartatu baten parte izatearen auzian. Alde horretatik, bereziki esanguratsuak egin zaizkigu Jose Angel Irigarairen Urak dakarrena poemaren proiekzioa eta aizkorarekin eratu den amaiera indartsua, Asierrek bere buruari bizitzen balioaz galdetu eta lur azpiko erantzunen bila abiatzen zen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.