HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Maren'

Ohean egoteak morboa areagotzen du

Idazlea: Alaine Agirre. Argitaletxea: Erein.

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Nerabe-literaturan kokatzen da Maren, maitasunezkoen azpi-sailean hain justu, eta bilduma baten lehen atal autonomoa da. Bigarren atala, Libe, jada kalean da.

Narrazio arin bat da, eta, dituen ehun orrialde pasatxoek kontrakoa aditzera eman balezakete ere, inondik ere ez duena nobela baten giharrik.

Elkarrizketek hartzen dute obraren luze-labur kasik guztia, eta 29 ataleko egiturak irakurketa telegrafikoa proposatzen du. Idazkera soila du, sintaxi eta lexiko eskuraerrazean emana. Kontaketa korapilorik gabekoa da, lineala, atzera edo aurrerako jauzirik gabea. Pertsonaiak gutxi dira, dozena erdi izen, eta bakoitzak bere topikoari eusten dio: karikatura modukoak dira, narratzaile sendo baten faltan (edo karaktereak eraikitzeko bestelako baliabideen faltan). Berez arina izateko joera duen literatur korrontekoa izanik ere, pertsonaiak gehixeago lantzea edonork eskertzeko modukoa izango zela iruditzen zait.

Kontaketaren mamia nerabeen arteko maitasun gorabeheretan dago, bere ezaugarririk ohikoenetan egon ere: «gustatzen zait baina ez dakit nola adierazi», «nik nahi dudana eta berak nahi duena bat ote datoz?», «mutilek maitasuna eta sexu-grina nahasten dituzte», «neskak zerbait gehiagoren bila gabiltza», «maitasun heterosexualetik kanpo aritzea beti da lotsaizun», «zer sentitzen dudan baneki...». Agian ekarpenik interesgarriena da galdera hauek nesken homosexualitateari buruzko hausnarketetan aurkituko ditugula, gaia gure gizartean hizpide izaten hasi den garaiotan.

Narratzailea anonimoa da, printzipioz orojakile tipikoa izan beharko lukeena, baina eskapatzen zaizkidan arrazoiak direla medio, bere rola zuzen jokatzen ez duena: batzuetan, protagonistaren alter ego-a ematen du, unean-unean zer esango inprobisatzen ariko balitz bezala. Mesfidantza sortzen du, orojakile arrunt baten eskumenak dituelako (honek hala pentsatzen du, hark ez daki beste hau...), baina, aldi berean, kontaketaren beharren arabera bere iritzia aldatzen aritzen delako. Azkar eta labur esanda, kontaketaren itzulinguruen beharretara bahituta agertzen da, narratzaile orojakileek behar duten guztiaren gainetiko jarrera galduta, eta protagonistaren emozioen arabera mintzo zaiguna, protagonistarekiko lotura hori justifikatu gabe.

Narratzailearen lerratze hau nabaritzen da ere erabiltzen duen hizkeran, ez baita neutroa, baizik protagonistaren hizkeraren oso parekoa: kalekoa, informala eta, tarteka, baldarra, erdarakadak botatzen dituena.

Igual gaizki uler liteke, eta iritzia garbiro emango dut: eragozpenak ez zaizkit sortu genero honen aurka ezer dudalako (ezta bestelako generoen aurka ere, gustuak gustu, orojalea bainaiz, bide batez esanda); aitzitik, iruditzen zait genero arinenetan elementu guztiak fundamentuz eraikitzea ariketa literario inoiz baino zailagoa dela, eta agian horregatik ezin izan dela emaitza borobila lortu, kasu jakin honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.