Esperanza Zabala
Lekua: Eibarko Topaleku aretoa. Noiz arte: abenduaren 28ra arte.Eguneroko bizitza, giza gorputza, teknologia berriak. Hiru gai horiek dira, besteak beste, Esperanza Zabala (Eibar, 1974) artista multidiziplinarraren kezka eta inspirazio iturri nagusiak. Margolari gisa lengoaia pertsonala garatu duen arren, bestelako instalazio eta eskultura lanak ere sortzen ditu, zeinetan estetika zainduaren barnean komunikazioaren izaera semantikoa zein feminismoa, sexua edo heriotzaren gaineko gogoeta kontzeptuala aurki daitekeen.
Eibarko Topaleku areto berrituan ikus daitezke haren lanetako batzuk, aldi berean bere azken urteotako ibilbidearen eta azken-azken piezen erakusleiho legez uler daitekeen mostran. Bi lan ildo nagusi bereiz daitezke bertan: alde batetik, inpultsibo eta indartsuagoak diren pintura lanak; bestetik, pausatuagoak eta kontzeptualagoak diren eskulturak.
Margolanei dagokienez, kutsu alegorikoko espresionismo koloretsua da Esperanza Zabalarena; trazu gestual eta bortitzak eta kromatismo bizia agerikoak dira. Konposizio eskematiko eta itxuraz abstraktuaren barnean pintura lan guztiak figuratiboak dira, eta ikusleak haren baitan ezkutatzen direnak deskubrituz joan behar du, izan gai gastronomikoak, baserriak, paisaia urbanoak edo erretratuak.
CoBrA taldearen estetika, kutsu zumetarrekoa, gailentzen da, bisualki indartsua oso, primitibismotik hurbil, Basquiat zein neoespresionismo alemaniarreko autoreak gogoratzeraino. Tamaina ezberdinetako lanak daude —batzuk era diferenteetan ala indibidualki konbinatu daitezkeenak—, eta akaberari dagokionez partikularitate ugari agertzen dituzte, hala nola artistak berak sortu mihiseetan izaren brodatuek, inzisioek eta pintura arrastoek sortu kualitate piktoriko eta efektu erakargarriak, kasu.
Kromatikoki familia ezberdinak osatzen dituzte margolanek; batzuk neurritsu eta soilak ditugu, okre, lur, zuri eta gris tonuak gailentzen baitira; haiekin kontraposizioan, kolore eztandak aurki daitezke, hori, urdin eta berde intentsoen kolpe kontrolatuak, oreka kromatiko zail bezain egokikoak. Inprimazio gune zabalak errespetatzen ditu artistak halako lanetan, koloreen indarra dela eta eszenen arnasa ahalbidetzeko.
Beste alde batetik, uda honetan Bilboko Okela Sormen Lantegiko Gorputzak jardunaldi eta erakusketan aurkeztu pieza eskultorikoak ere biltzen dira aretoan. Kakoetatik eskegi eta sardexkekin pintxatu haragi itxurako zatiak zein zurezko fruta kutxa batean orotariko gorpuzkinak biltzen dira. Poliuretano poilkromatuko piezon artean bainujantzia daraman emakume bat dago paretan eskegita, besorik gabe; eraikitzearen eta deseraikitzearen praktikaren ondorio, horiek lurrean kokatu kartoizko kaxa batean gordetzen dira, gorputzaren hauskortasunari erreferentzia eginez.
Giza gorputza ardatz duten lanek errealismo gordina agertzen dute, modu zuzenekoan aditzera ematen baitute haragi, muskulu edo erraien inpresioa, baina lehen uneko hiperrealismoa segituan bilakatzen da itauna; izan ere, pieza gehienetan, okela abstraktuak bailiran, ikusleak ez baitaki giza anatomiaren zein zatiri dagozkion, ezta egiaz gizaki batenak ala beste bizidun batenak —beita, jakia?— izan litezkeen ere. Zalantzaren aurrean, kutsu organiko literaleko lanok gorputzaren metonimia gisa jokatzen dute. Bizidunon anatomiak dituen inplikazio kultural, sexual, fisikoengatik beste edozein objektuk baino tentsio espazial handiagoa hartzen du, harekin identifikatuta sentitzen baikara eta munstrokeriaren aurrean —bestean proiektatu norberaren proiekzio gisa— erakarmen eta erdeinu sentipen bikoitz eta bat-batekoa ematen da.
Gorputzaren disekzioaren eta haren presentzia fisiko —eta existentzialaren— kontzepzioari dagokionez, Damien Hirst edo Gunther von Hagens-en lanekin erlazionatu daiteke Esperanza Zabalaren proposamena. Alta, bestelako dimentsio bat ere gehitu die. Txerrikiak bailiran kutxan pilatutako okela zatiak salgai direla dirudite —artea ez da, bada, merkantzia bat?—, baina haien artean ezkutatuta zerbitzari bati konektatutako kamera ñimiño bat kokatu du artistak, ikuslea zelatatuz. Begirale begiratuak, ohar batzuk jarraituz gero, bere burua ikus dezake telefono mugikorrean, wifi eta streaming bidez unean-unean kamerak grabatutakoa erreproduzitu baitaiteke.
Hildako gorpu zatiek bizia lortzen dute, eta norberaren begiradaren eta dimentsio korporalaren kontzientzia hartzen du ikusleak, haren eta piezaren arteko erlazio dialektiko kontzeptualari bide emanez. Halako lanekin, artistaren unibertso piktoriko aberatsaz harago doazen inplikazio artistiko konplexuak garatzen ditu Zabalak, ikuslearen harridura jakin-min bihurtzeko gaitasuna erakutsiz.