'Sightseers'
Zuzendaria: Ben Wheatley. Aktoreak: Alice Lowe, Eileen Davies. Herrialdea: Erresuma Batua.
Umore britainiarrak sarkastikoa izatearen ongi merezitako fama izan du, baina azken urteotan gutxi izan dira ezaugarri horren gaurkotasuna egiaztatzen zuten pelikulak. Telesailetan biziago mantendu da errealitateari begiratzeko manera gordin hori. Horregatik, pozgarria da oso Sightseers gure pantailetara ailegatu izana.
Milurte berriko film askorekin gertatzen den gisara, Ben Wheatleyren pelikula ia erabateko abstrakzio batetik abiatuko da. Protagonista nagusiek, Chris eta Tinak, ez dute aurkezpenik behar, apenas jasoko dugun haien bizimodu edo iraganaren gaineko informaziorik; direnak dira, eta puntu. Ez da behar pertsonaiaren inguruko eraikitze ariketa psikologikorik. Garai horiek iraganekoak dira.
Kasu honetan, istorioak berak justifikatzen du hautu hori; izan ere, izenburuak adierazten duen moduan, turistak dira, eta ikusleak ere gisa berean ikusiko ditu: kanpin edo museo batean ezagutuko dugu bikote itxuraz normala, hitz-aspertu bat egiteko aproposa, kontatuko diguten apurra sinetsiko dugu, eta berehala oroimenetik ezabatuko dugu.
Kanpoko begiradatik, turismoaren konbentzioen harremanetik ikusiko den hori ez da aski horren atzean dagoena ikustarazteko. Gizartean gustura ez dagoen gizonezko bat, konplexuz eta handiustez beteriko pertsona bat, bere bidaia zoroan antzeko ezaugarriak dituen bikotekidea eramanen duena. Ikasleak, baina, irakaslea gainditu nahiko du, eta, behin hasierako sustoa gaindituta, Tina Chrisen onarpena bilatzen saiatuko da, kosta ahala kosta, hura baino basatiago izaten. Bere nagusitasuna arriskuan ikusiko du orduan agintea eraman duenak, eta izutu egingo da.
Hoztasun osoz agertuko ditu Wheatleyk bere Bonnie eta Clyde garaikideen krudeltasunak. Ikusleok ataka zailean jarriko ditu, haien ibileren konplize eginez. Akaso nahigabe irriño bat eskapatuko da erditik beste turista bat kendu dutenean. «Merezita» pentsatuko du batek baino gehiagok.
Horixe da, hain zuzen, film bitxi eta gupidagabe honen bertuterik handiena, aurreiritzi moralak bazter utzita komedia erromantiko baten bitartez norbera ispiluaren aurrean jartzea.
Kritika. Zinema
Opor garaiko denbora-pasak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu