KRITIKA. Artea

Paisaia politikoak

Carolina Caycedo artista, bere artelanetako baten aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

'Adiskideen lurraldea'

Artista: Carolina Caycedo.Non: Artium museoan, Gasteizen. Noiz arte: 2024ko apirilaren 7ra arte.

Irudien inguruko irakurketa politikoari lotutako hausnarketak beharrezkoak sumatu izan ditut aspalditik. Hala, azken hilabetean ikusle pasibo gisa jasotzen ari garen gertakizun bortitz eta gupidagabeen harira, irudien edo begiradaren dekolonizazioaren lanketa eta heziketa bideratzen dituzten hausnarketa artistikoek mesede handia egin dezaketela ondorioztatzen dut. Bizi garen espazioan bizi garelarik, erosoagoa izan ohi da gure pribilegioak ez aitortzea horiek aitortzea baino, edota horien jatorriaren inguruko hausnarketa sakon bat bideratzea baino. Bada, horregatik deritzot sasi-neutraltasun horren gainazalean geratu beharrean, adierazpen artistikoen barrenak arakatzen ditugun heinean, beti eskainiko dizkigutela politikotasunari lotutako aztarnak, hausnarketak...

Halaber, badira arakatze sakonik eskatzen ez digutenak, helburua, esplizituki, kritika politiko bat sortzea baita. Hain zuzen, hor kokatzen gaitu Carolina Caycedo artista kolonbiarrak Gasteizko Artium museoan ehundu duen erakusketarekin.

Adiskideen lurraldea da mostraren izena. Bertan, energia-azpiegiturak eraikitzearen aurka dauden gizarte mugimenduei, haien ondorioz bizilekua edota bizimodua galdu dutenei, eta erakunde komunitarioei zuzendutako ikerketa bisualak aurkezten ditu Caycedok. Hala, artistak agerian uzten digu ekonomia kapitalistak eta haren erreminta diren gobernuak direla lurren ustiapenen ondorioen eragile nagusiak.

Erakusketa espazioan sartzen garen momentuan, askotariko euskarriz konposatutako ikusizko diskurtso batek hartuko gaitu: tamaina monumentaleko pinturak, ehungintza, aldarrikapenez ehundutako haima...

Lehenengo espazioak prozesu horretaz ohartarazten gaitu nolabait. Izan ere, lehen begi kolpean, kolorez, plastikotasunez eta erritmo biziz osatutako espazioa aurkezten zaigu. Hain zuzen, hori adierazten digu Ingurumen borrokaren nire emakume leinua izeneko pankartak, zeinetan 150 emakumeren erretratuak aurkezten zaizkigun. Bada, hortik abiaturik, hurrengo piezen kutsu aktibistaz ohartuko gara.

Hala, espazioaren erdialdean dagoen haimara gerturatzen garenean, haren mezuek hartzen gaituzte: Aterpetu, babestu zugan, aska zaitez, Kanpaiak eta zutoihala herriarenak dira... Bertan sartu eta kuxinetan esertzen garenean, biltzen gaituen ehunezko arkitektura horren babesa sentitu dezakegu, erakusketa espaziotik isolatzen gaituen babesa, hain zuzen. Orduan, barnean kokatuta dagoen pantailako performanceak arreta piztu, eta goxotasun hori bigarren plano batean uztera behartzen gaitu.

Caycedok garatu duen ekintzak Atarraya du izena. Kolonbiako Quimbo proiektu hidroelektrikoaren eraikuntzak inguruko biztanleengan eta naturan irekitako orbainak uzten ditu agerian. Hitzen bitartez, Caycedoren gorputzak bera izateari uzten dio, eta, orduan, inguru horrekin harreman zuzena duten nekazari, arrantzale, animalia, herri edota ibaietan eraldatzen da. Bizia ematen die guztiei, beren istorioak kolektibizatuz, eta erreferentzien bitartez biltzen gaituen haima horren barrenera ekartzen ditu artistak.

Alabaina, erreferentziazio hori ez da artistaren gorputzera mugatzen, inguruan dituenekin loturak bideratzen baititu, eta, horrela, bere lana kolektibizatzen du. Autore bakarreko obra izan beharrean, hainbat eta hainbat subjektu politikok bideratu nahi duten hausnarketaren emaitza artistikoak sortzen ditu, alegia.

Gero, erakusketaren bigarren espazio handian, performancearen bitartez irudikatu izan ditugun espazio eta kontakizunei irudi errealak jartzen dizkie artistak, Adiskideen Lurraldea izeneko instalazioaren bidez. Nork ustiatzen du zer? Zeintzuk dira etekina ateratzen dutenak? Nori egiten dio mesede? Nola eragiten diete ustiapen basatiek lurrei, ibaiei, landareei, langileei...?

Caycedok bidali dizkigun aztarnak barrenean ditugula, hurrengo piezak aztertzeko orduan ildo berberak zipriztintzen dituela sumatuko dugu. Zipriztintze horretan pausoak markatzen dira, perspektiba osatu bat bereganatu dezagun.

Erakusketaren gela bakartu batean, begietatik sartu eta beste nonbaitera eramaten gaituen ikus-entzunezko bat dugu, Pagamento izenekoa. Ezpainak urrez markatzen dituzten hatzen sekuentzia erakusten du hasieran proiektoreak. Erritual bat da, zeinaren bitartez lurrari eskertzen zaion hari kendu dioguna. Konposizio bisuala teorikoa bezain bikaina da, modu askotan pieza artistikoaren eta estetika aktibisten sinbiosia gauzatzen baitu artistak.

Gizartearen erroetan aspalditik egon den eskertze horren desagertzeaz konturatu naiz, eta hori da, beste gauza askoren artean, artistak agertu nahi izan diguna. Izan ere, ekonomia kapitalistak eta hark bideratutako etengabeko ustiapenek inguruan eragina dute. Bada, paisaia idiliko ororen atzean dagoena deserosoa izan daiteke; paisaiek bizitza dute, eta haien desagerpenaren arrazoiak politikoak dira. Hausnarketa kritikoak bideratzen dituzten artisten lanak bezain politikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.