KRITIKA. Artea

Pintura erakusketa

Hiru margolari gazteren pintura lanak erakutsi dituzte Andoaingo Bastero kulturgunean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun

'Esku azpi begi'



Datak: Azaroaren 11tik abenduaren 30era. Non: Bastero kulturgunea, Andoain. Artistak: Estanis Comella, Maite Mugerza eta Damaris Pan.

Hiru artista gazteren obrak daude ikusgai Andoaingo Bastero Kulturgunean, Esku azpi begi izenburupeko erakusketa honetan. Hiru artista, oso gazteak hirurak, Estanis Comella, Maite Mugerza eta Damaris Pan; hirurak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasketak buruturikoak, eta hirurek ere arte lengoaia bera jorratzen dutenak: pintura hain zuzen ere.

Eremuak programako Harriak proposamenaren baitan aurkeztutako azken erakusketa da ondorengoa. Programaren helburuetariko bat, Euskal AutonomiaErkidegoko hainbat kultura-aretotara eta, batez ere, kulturune edo kultura ingurune garrantzitsuenetatik aparte aurkitzen diren herrietara, arte garaikidea dibulgatzean eta zabaltzean datza; era berean, bertan egiten diren proposamen berriei, eta maiz estudioetako hormen artean soilik gelditzen diren proiektuei gizarteratzeko aukera emanaz. Alegia, Euskal Herriko arte ingurugiroan gertatzen ari denaren inguruko zertzeladak zabaltzeko aukera ematen duen programa da honakoa.

Badirudi egungo praktika artistikoan pinturaren presentzia, historikoki lehenengo mailako arte espresio eta lengoaia kontsideratu den hau, pixkanaka gutxiagotzen ari dela, eta hori nabaria da arte garaikideko erakusketak ikustera joandakoan: gero eta pintura lan gutxiago ikusten dira. Hori ikusirik, dudarik gabe, erakusketa honen intentzioa, arte lengoaia jakin hau lantzen duten hiru artista gazte hautatuaz, espresio modu edo bide hau goraipatzea eta azpimarratzean datza; eta komisariotza lanetan aritu den Iñaki Imaz bera pintura lantzen duen artista izatea ere, ez da kointzidentzia edo kasualitatea, jakina.

Andoaingo zentroan kokaturik dagoen kulturgune eraiki berriko hormak zeharkatu ahala, sentsazio berezia sumatzen da. Eraikin guztiz berria da, modernoa, egile-arkitektura bat, beirate handi eta neurri megalomanoetakoa. Kristalezko ate okertua ireki, eta erakustokia balkoi batetik beherantz ikus daiteke, baina hara bertaratzeko eskailerak jaistea beharrezkoa da. Sentsazio berezia ez da aldentzen; pareta ikaragarri altu eta hormigoizkoek harrera egiten dute behera jaitsi eta lehenengo aretoan ikus daitezkeen horma guztien artean, bi pintura soilik esekirik ikusten dituzunean: ezkerreko horman bat, eskuinekoan bestea. Erdiko horma handian, berriz, erakusketako poster txiki bat. Hormen artetik, atzean, horma zuri luzean, beste pinturak antzematen dira, eta albo batean, mahai batean eseririk, harrera egiten duen neska.

Badirudi oraindik ere zuriak ez diren hormetan gauzak esekitzeak beldurra ematen duela, edo halako sentsazioa da transmititzen dena. Obra guztiak, aretoko horma zurian ipinirik daude, bata bestearen segidan, eta horman sartzen ez zirenak berriz, badirudi, nonbait jarri behar eta hormigoiaren gainean ia behartuta ipini dituztela, edo sentsazio hori jasotzen da behintzat.

Obrei begira jarrita berriz, nahiz eta sinaturik ez egon, inolako bestelako informazioren beharrik gabe segituan hauteman daiteke, obrak egileka sailkaturik agertzen direla, hurrenez hurren: lehenik, Maite Mugerzarenak; gero, Damaris Panenak; eta, azkenik, Estanis Comellarenak. Hori horrela, pinturaren inguruko erakusketa kolektiboa baino gehiago, hiru erakusketa indibidualen justaposizioa dirudi, eta horrek zaildu egiten du egile ezberdinen obren arteko lotura berri eta interesgarriak sortzea, egile bakoitzaren obrak, beren indibidualtasunean hautematera daramalarik instalazioak.

Maite Mugerzarenek paisaia baten abstrakzioak dirudite, begiak ikusten dituen kolore eta formetatik, eskuek koloreei soilik kasu egingo baliete bezala, eta horren irudikapena soilik gauzatu. Damaris Panen kasuan, berriz, koloreek adinako garrantzia hartzen dute formek ere, eta nahiz eta formak gehienetan baduten errealitatean topa daitezkeen objektuekiko loturarik, horien puzte eta doformatze prozesuek emaitza guztiz interesgarriak sortzen dituzte, abstrakzio eta figurazioaren arteko lerro finean dantzan. Azkenak, Estanis Comellaren produkzioak berriz, geure inguruan topa ditzakegun espazio eta momentu ezberdinen detaile eta xehetasunen anplifikatzeak dira, zuri-beltzean, xehetasun hauen iturburua izan den argazkia —agian guztiz beharrezkoa ere ez dena— pintura lan bakoitzaren alboan eskegita jarririk.

Hiru artista gazteren pintura erakusketa bat da hau, horixe izanik kartelaren izenburuaren azpian argi jartzen duena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.