'Alde erantzira nabil'

Plazera versus epikotasuna

Egilea: Ekhine Eizagirre. Argitaletxea: Susa.

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Susa argitaletxeak preso idazleen testigantzen berri emateko xede irmoa hartu du; xede horrek batzuetan funtzionatzen du eta beste batzuetan berriz ez, literarioki esan nahi da. Kartzelako poesiak, zoritxarrez, izan dezakeen gauzarik txarrena kartzela bera da: kartzelak berak larregi baldintzatzen baitu literaturaren kalitatea, giza eskubideen aldetik zilegi dena, ezer gutxi eskaini diezaioke literaturari, ahots poetikorik ez badago, poesiaren kasuan.

Ekhine Eizagirrek (Zarautz, 1984) idazle presoek ibili ohi dituzten bide ezagunetatik harago joan nahi izan du Alde erantzira nabil (Susa, 2016) bere lehen poemarioan, baldintza gogorretan idatzitako poemak idaztean intimitatearen askatasun politikoa berpiztu nahi izan du, eta bide jorratuetatik urrundu, gaiak aukeratzean batez ere, ez hainbeste forma poetikoetan. Literaturaren gorentasunari dagokionez, batzuetan lortzen du eta beste batzuetan ez, ahots pertsonala eraikitzea ez baita hain erraza. Eta esango nuke epikotasun mitiko-politiko batetik aldetzen denean lortzen duela batez ere. Bere desiorik ezkutuenak, sexu grina askatzaileenak eta amildegi existentzialak agertzen dituenean, erotismo indartsu baten bidezidorretatik barna, handikeria gogoak bazter utzita, une estimagarriak eskaintzen ditu. Porno-poema gourmand bat poeman esaterako, bere xalotasunean, errima arinak erabiliz, protagonistak jasandako historiaren garraztasuna leundu nahi du plazeraren bidez, ironia fina lagun: «Zure aurpegia nire gogoan,/ bihotza punpa biziagoan,/ hasi naiz oihuka ero moduan/ eta ez dut ezer utzi barruan». Plazera eta umorea, biak ala biak, ziegatik irteteko bide bakarrak balira legez.

Zenbait urte eman ditu jada Frantzian preso politiko legez Eizagirrek, egun Fresneseko kartzelan dago preso eta bertatik idatzi du testigantza baino zerbait gehiago izan nahi duena. Bost ataletan banandu du poemarioa: Hegan, Igeri, Amets, Sokatira eta Musu Truke. Lexiko apurtzaile eta tropos poetikoari dagokienez, eskasiak agertzen dituen liburua izan arren, iruditeria arras erabilia agertzen baitu, egilea ahots propio baten lanketan ari dela nabarmena da. «Emagaldu/ nahi dut/ galdu/ ni berriz bat/ kausitzeko», dio, aurkezpen modura, haiku batean. Ahots berezi horren bilaketa poetikoan feminismoaren, sexualitatearen eta borrokaren lanabes politikoak profitatuko ditu, mailu gisa. «Kapitalismo patriarkalaren/ eraikuntza sozialak gara», aldarrikatzen du Gure gorputzen birkonkistan poeman. «Etenik gabe/ berregokitzen/ birkontzientziatzen/ berreraikitzen/ dihardugun/ subjektuak gara».

Halere, bizitza politikoan egin duen modura, poesiaren alde erantzian dabilenean ematen ditu fruiturik dirdiratsuenak Eizagirrek. Merezi du poemarik lortuena bere osotasunean ematea. «Ez naiz inorena/ Ez dut inor/ aukeratu nahi/ Ez dut inork/ ni hautatzerik nahi./ Izatekotan,/ maite nauten eta/ maite ditudan/ guztiena naiz./ Horregatik naiz/ bereziki/ neure-neurea». Duda izpirik gabe, Izatekotan dugu poemarioko poemarik onena, egilea bera inongo loturarik gabe agertzen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.