KRITIKA. Artea

Pobreen zibernetika abian

Erakusketako obretako bat. J. M. / FOKU.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
'Pobreen zibernetika. Tutorialak, ariketaketa partiturak'

Non: Donostiako Tabakaleran.Noiz arte: Abuztuaren 23ra arte.

Zibernetika, ziberkapitalismoa, teoria zibernetikoa... Zein da termino horien jatorria? Azkeneko hamarkadetan errotu eta garatu diren jarduerak badira ere, antzinako grezieran errotutako Kybernêtikê terminoan dute oinarri, gobernatzearen artea adierazten duena, alegia. Hala bada, aspaldi-aspaldian jaiotako hitz grekoa ez da XX. mendean munduratutako zibernetikatik aldentzen. Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, Norbert Wiener matematikariak garatu eta «animaliaren eta makinaren arteko komunikazio eta kontrolaren zientzia» bezala definitu zuen zibernetika. Horrela, denborak aurrera egin ahala, gizartearen kontrolean oinarritutako prozedura bilakatu da; gizartearen erregulaziorako teknika izanik, sistema kapitalistaren ekonomia politikoei mesede egiten diena, hain zuzen.

Ildo horren zirrikituak agerian utziko dizkigu Donostiako Tabakalerak eta Vienako Kunsthallek elkarlanean ekoiztutako erakusketak. Alabaina, piramidearen erpinean ezarritako boteretsuek poltsikoak betetzeko erabiltzen dituzten trikimailuak erakutsi ez ezik, Donostian aurkeztutako Cybernetics of the poor: tutorialak, ariketaketa partiturak erakusketak gizartearen erregulazioa eta kontroletik aldentzeko tresnak, jarrerak eta jarduerak eskainiko dizkigu. Diedrich Diederichs eta Oier Etxeberria komisarioen gidaritzapean, artistak izanen dira pobreak, eta haien adierazpen artistikoak, berriz, gizartearen erregulazio sistematikotik aldentzeko baliagarri izango diren erremintak. Erregulazio horren desegonkortzeari dei eginez, erakusketa aretoetan aurkeztuko zaizkigun piezak ez dira euskarri bakarrera mugatzen: bideoak, akzioak, musika tresnak, pinturak, eskulturak... Hainbat aretotan antolatutako erakusketan eztabaida gunea dugu lehena, hurrengo bi espazioetara barneratzeko aukera emanen duena, alegia.

Lehenik, artxibo-biltegi batekin aldera daitekeen espazio hotz eta neutroan murgilduko gaitu erakusketak. Hamarnaka kutxaz hornitutako apalategiak edukiaren inguruko jakin-mina pizten du inguruan barneratzen garen momentu berean. Baina barneko materialak azaleratu ezinik, apalategi parean ezarritako mahai arrotzek kutxen edukiaren zertzeladak ematen dizkigute. Oraingoan, sabaian zintzilikatutako lanparek argitzen dituzten hamabi mahaietan ezarritako bideo-jokoen, liburuen, panpinen eta irudien istorioek kutxa horietan baitute jatorria. Objektu bakoitzak pairatutako gorabeherak azaleratzen ditu mahai berean—alboan zehazki— ezarritako testuak, kutxen edukia agertuz baita ere. Objektuok, egile eskubideak direla medio, auzitara eramandako kasuen adierazleak baitira. Halaber, mahai aurrean ezarritako bankuek, hein batean, bertan esertzera eta egile eskubideen inguruan eztabaidatzera gonbidatzen gaituzte: Non dago muga? Zer da kopia eta zer ez? Nori egiten dio horrek mesede?

Hegoaldeko erakusketa aretoan eguneroko jarrerak, inguruarekiko harremanak eta ikuskerak kolokan jarrita, hausnartzeko bultzada sumatzen da. Lili Reynaud Dewar artista erakusketa biltzen duen eraikina zeharkatzen ikusiko dugu espazioa hornitzen duten bi ikus-entzuneko piezetan. Ikusleak horrelako espazioetan bereganatutako jarreren inguruan pentsatzera bideratzen gaitu artistak, erakusketa bisitatzera gerturatzen den publikoa ez bezala, bideoetan egunerokotik aldentzen diren mugimenduak adierazten dituen emakume biluzi bat aurkezten baita. Ildo berean, espazioak baldintzatutako gorputz adierazpenen barreiatzeari heltzen dio Pedro G. Romeroren La casa bideoak, Bartzelonako periferian kokatutako pisu xumea agertoki bihurtzen baitu kamerak jarraitzen duen flamenko dantzariak.

Gorputz adierazpenaren bitartez espazioa zeharkatuta, inguruarekiko izan genitzakeen aurreiritziak eta bertan egoteko moduen egokitasuna zalantzan jartzera bideratzen gaituzte bai flamenko dantzariak eta bai Lili Reynaud Dewarrek berak ere. Ez al dira, bada, pobreen zibernetika martxan jartzeko ariketak?

Ariketetatik partituretara eramaten gaitu iparraldeko erakusketa aretoak, Alabaina hemen topatuko ditugun partituren edo kodeen interpretazioa librea da, norberak bere pertzepzioen bitartez ulertu eta antzeztu dezakeena. Horren adierazle dira Anthony Braxtonen partiturak, erakusketa aretoaren murruetan kokatutako kolore ugaritakoak. Orrien koloreek eta formek musikariarengan sortzen dituzten emozioen bidez interpretatu beharrekoak. Musikaria da erabakiak hartzen dituena, beraz; eta musikagilearen presentzia lausotzen da orduan. Areto bereko azkeneko espazioan haize instrumentuak ditugu, buztinez eginak, eta, gorpuzkerari erreferentzia eginez, lurraren eta gorputzaren arteko lotura sustatzen dutenak. Buztinezko ahoa, buztinezko belarria eta buztinezko gorputza dituzte musika tresnek. Erakusketako tutorial, partitura eta ariketek irakatsi dizkiguten tekniken bitartez, era librean komunikatzeko era berriak sortzen dituzte instrumentuok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.