Carlos Menaeta Daniel Zapico
Lekua: Donostiako San Telmo museoko klaustroa. Eguna: Abuztuak 19.Antzinako Zikloaren azken-aurreko emanaldia Daniel Zapico tiorba jotzaileak eta Carlos Mena kontratenorrak eskaini zuten, berriro ere, San Telmo museoko klaustroaren erpinetako batean. Jai giroa zen oraindik hirian eta kaleko zaratak, txistuak eta garrasiak sartzen ziren zirrikitu guztietatik. Baina, hala eta guztiz ere, bi musikariek giro goxo eta samurra sortzea lortu zuten hasieratik, Sizenay eskuizkribuan jasota dauden barroko frantsesaren hainbat obraz osatutako programa berezian. Zapicok hain modu didaktiko eta argian azaldu zuen bezala, transkripzioaren artea berreskuratu nahi zuen horrekin; izan ere, garai hartan —XVII. mendean kokatuta gaude gehienbat— zuzeneko musika existitzen zen soilik, eta, horregatik, unean eskuragarri zeuden instrumentuekin jo behar zituzten piezak, jatorrizko instrumentua beste bat izanda ere. Hala, tiorbarako eta ahotserako moldatutako partiturak aurkeztu zituzten bost zatitan banatutako emanaldian.
Tiorbak bakarrik egin zuen sarrera lehenik, Jean-Baptiste Lullyk Belerofonte operarako idatzitako aria ederra zein Michel Lamberten Ma bergère est tendre et fidelle hari pultsatura ekarriz. Bitxia berez ahotserako idatzitako piezak tiorbara eramatea, baina transkripzio zein interpretazio finak zirela medio, harribitxiak. Berehala batu zitzaion Mena, tinbre guztiz borobil eta garbia zabalduz Du Buissonen Tircis, le moins constant des bergers du hameau zein Lamberten Par me chants tristes et touchants. Zeinen erraz eta natural entzuten diren bere ahotsean esaldien norabidea, ñabardurak, apaindurak eta ahoskera orbangabea. Eta zeinen ongi doitzen zaizkion Zapicoren dinamika jolasei zein zehaztasun leunari. Xehetasun txikienetan ere, biak bikain.
Zapico eta Mena ofiziora aplikatutako lan irmoaren eta zorroztasunaren ereduak direla esango nuke, oso eta bizi aritzen baitira beren espezialitateko musikaren proposamen zein interpretazioetan beti maila gorena bilatuz. Larunbateko kontzertuan denborak zein diziplinak dakarten sen eta gustu ona azaleratu ziren une oro.