KRITIKA. Musika

Programaren eta interpreteen arrakasta

2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun

Euskal Herriko Gazte Orkestra

Zuzendaria: Ruben Gimeno. Egitaraua: Maurice Ravelen Ma mère l'oye eta Antonin Dvoraken 8. sinfonia.Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: Uztailak 19.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak bere udako topaketaren fruituak aurkeztu berri ditu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatu dituzten lau kontzertutan; Donostiako Viktoria Eugenia antzokikoa biraren azkena izan da. Emaitza ikusita, esan daiteke zuzendaritza artistikoak bete-betean asmatu duela programaren aukeraketarekin: bai orkestraren ehundurak eta koloreak eta bai tarte dinamikoak miatzeko guztiz aproposa. Finean, elementu pedagogikoak eta artistikoak uztartzen laguntzen du.

Ezaguna eta ezaguterraza da Maurice Ravelek orkestraziorako zuen sen fina. Jatorriz pianorako idatzi zuen Ma mère l'oye pieza, umeentzako suite gisa, Charles Perraulten hainbat kontakizunetan inspirazioa hartuz. Baina 1911n orkestrarako moldatu zuen. Bertsio horrek giro arras desberdinean sartzen gaitu, eta bost mugimenduetan orkestraren baliabideak zukutu. EGOren musikariengan zertxobait urardotua entzun baldin bazen ere, izaera sutsua atzeman zen lehen pabanan.

Hala ere, bigarren mugimendutik aurrera gozatu ahal izan genuen, bereziki, orkestraren lanaz. Hariak trinko Petit poucet zatian, flautak paregabe Laideronette jostalarian, klarinetearen soinu goxoa Les entretiens de la Belle et de la Bête-ren kontrasteetan, biolin bakarlariaren gidaritza Le jardin féerique distiratsuan.

Orkestrako bi kidek aurkezpenean aditzera eman zuten moduan, Antonin Dvoraken bizitzan egonkortasuna eta oparotasuna ziren nagusi bere8. sinfonia konposatu zuenean, 1889an, Vysokako etxean. Udako eguzkiaren argitasunaren pean eta naturaz inguratuta, partitura bizia eta koloretsua idatzi zuen, baina badira malenkonia ukituak eta itzalak ere. Irekiera, hain zuzen, iluna da nonbait, EGOko beheko hariek bikain ebatzi zutena.

Nabarmentzekoa izan zen orkestrako haizeen sekzioaren parte-hartzea, batez ere bigarren eta laugarren mugimenduetan. Denera, tarteka doitasun falta sumatzen bazen ere, eta Gimenoren keinu eskasaren gainetik, oso interpretazio ona eskaini zuten. Baita kontzertuko bisean ere: Dvorakek hamar urte lehenago Vysokan bertan idatzitako dantza eslaviarren zortzigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.