'Hezurrezko kaiolak'

Saihets-hezurrak agerian

Idazlea: Hasier Larretxea. Argitaldaria: Amaiurko Gaztelu Elkartea.

Irati Majuelo.
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Amaiur, Lauaxeta, hezurrak eta kaiolak konstelazio berean batu nahi izan ditu Hasier Larretxea idazle baztandarrak euskaraz idatzitako bere azken lanean. Izan ere, Amaiurko setioaren 500. urteurrena gogoratzeko eta Lauaxetaren Amaiur Gaztelu Baltza poema omentzeko abiatutako proiektua da, Amaiur Gaztelu Elkartearen bidez argia ikusi duena. Gaztelurik, zaldunik eta ezpatarik ez da, ordea, poesia bilduma honetan ageri, ezpada esplorazio pertsonal bat, idazleak bere buruarekin dituen guduetan barrena.

Autoedizioaren bidez sortutako liburua da, eta mimo berezia sumatzen da alde horretatik, hautu estetiko zainduak izateaz gain, Malmö ilustratzailearen irudiek laguntzen dutelako poemen mamia, elkarren artean solastuz. Arkatzezko marrazkien eta poemen arteko elkarrizketak lau atal nagusi ditu, idazlearen barne-bidaiaren lau fase irudikatzen dituztenak. Lehendabizikoak, Esku ahurretan lur arrastoak izenekoak, lotura-nahi bat adierazten du iraganeko gertakari historikoekin, lur amankomunei erreferentzia egiten baitie, paisaiei, mapei. Hala ere, memoriari buruzko hausnarketekin hasten da, eta berehala geratzen da agerian liburu honetakoa ez dela lurreratutako poesia, baizik eta gogoeta existentzialetara jotzen duena. Are, Amaiurrekin edo Lauaxetarekin izan zezakeen harreman apurra azkar uzten du alde batera, eta liburuak muinean duen benetako gaian zentratzen da: norbere buruaren onarpena, eta bide horretan azaleratzen diren minak, desirak, traizioak, babeslekuak.

Bigarren atalean zuzenean heltzen dio gaiari: normaz kanpoko sentitzeak sortzen dituen beldurraz mintzo da Larretxea, barne eta kanpo homofobiaz eta moralaren pisuaz. Amorrua eta harrotasuna gailentzen dira Kaiolak beraien zuloetan kapituluan, eta aurretik kaiola gisara sentitzen zen gorputza babeserako eremu bilakatzen da: «Saihets-hezurrekin / defentsa armadura / osatu dugu». Erlijio kristauaren iruditeriak pisu handia du poema horietan, eta horrek indarra eta kokapena eskaintzen die, bestela oro har lauso agertzen diren idatziei. Hurrengo atala, Azken suaren kedarra da bilduma osoaren joera existentziala gehien jorratzen duena. Abstraktura jotzen du idazleak, galderak egiten dizkio bere buruari, eta hala, idazketari, minari, absentziari buruz gogoetatzen du. Azkenik, Argiaren konstelazioak kapituluan poema laburrek ixten dute liburua. Aforismotik gertu, abiadura eta argia ematen diote bildumari, beren sinpletasunean poetak adierazi nahi duenaren muinera helduz.

Estilo aldetik idazkera sinplea darabil Larretxeak, eta sarri erabiltzen ditu errepikapen formulak, zenbaitetan baliagarri izan arren, bestetan pisutsu gertatzen direnak («X gara», «X bilakatu ginen» eta gisakoak). Hala ere, hizkuntza argi eta soila erabili arren, sarri abstraktuan geratzen dira ideiak, lurreratu gabeko hausnarketetan, eta horrek liburu osoa lausotzen du, laino batek bilduko balu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.