Aurelio. 'Landini'

Semea etxera itzultzeko garaia

Andoni Tolosa.
2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Diskoetxea: Real World.

Joan den urteko world diskoen zerrenda gehienetan hizpide izan dute Aurelioren azken diskoa: Landini (Real World). Gauza bera gertatu zen haren aurreko lanarekin, Youssou N'dourren gerizpean ekoiztutako Laru Beya (Real World, 2011) bigarren diskoarekin. Baina, baita estraineko lana izan zuen Garifuna Soul-ekin (Stonetree Records 2006) ere, zerrenda mokofinenetan aipatu zuten. Hiru diskoak, ordea, oso ezberdinak dira, ibilbide oso zehatza markatzen badute ere.

Lehenengoa garifunatarren herri musika eguneratzeko saialdi bat izan zen, edo behintzat, Mendebaldeko belarrietara ekartzeko formularekin saiatzea. Bigarrenak, berriz, garifunatarren musikaren eta Afrikako musikaren arteko zubia ikertzea zuen helburu. Horretarako, Senegalgo musikaririk ezagunenetako batzuen laguntza eduki zuen. Hori, ordea, Garifuna kulturaren erroetara itzultzeko bidaia gisara uler daiteke. Erro kultural eta familiakoei egindako omenaldi gisara ere uler daiteke. Hain da horrela, bere amari egindako bisita batean sortu zitzaiola itzulera honen ideia, elkarrekin hainbat paranda kantu kantatu ondoren; nahiz eta bere ama ordurako Brooklynen bizi.

«Nire ama izan da disko honen inspirazio iturria», aipatu du kantariak maiz, segidan azaltzeko nola amak kantari profesionala izatea zuen amets, inoiz ez bazuen lortu ere; nola haren aholkuek laguntza izugarria eman dioten bere ibilbide osoan zehar... Diskoko kantu gehienak ama-semeak elkarrekin konposatutakoak dira, eta, horrez gain, badira bizpahiru herri kanta. Bestalde, orain arteko ekoizle berak, Ivan Duranek, ekoiztu du, eta azken hamabost urteotan alboan izan dituen musikariek parte hartu dute grabaketan. Grabatu ere, bere azken diskoa grabatu zuten leku berean grabatu dute: Belizeko Stonetree estudioan. Beraz, lehendik ezagutzen zuenak ez du sumatuko, soinu aldetik, sekulako alderik aurrekoekin. Kantuek eta musikariek jotzeko moduak, ordea, orain arte hain nabarmen geratzen ez ziren aldeak uzten dituzte agerian.

Kontuan hartu diskoa entzuterakoan, afrikar esklaboen eta Erdialdeko Amerikako itsasertz atlantikoko indigenen (Belize, Honduras, Nikaragua...) arteko nahasketaren emaitza zuzena dela musika mota hau. Nahasketa horri, berriz, gehitu behar zaizkio ingeles, espainiar eta frantziarren eraginak. Ahaztu gabe, Karibe itsasoak berak bustitzen dituela Garifunen herri asko. Erritmoa, malenkonia, melodia landuak, gitarra espainolak, danborrak, eta ahots ulukariak. Calypso-aren, runbaren eta afrikar garapen luzeen atzamarren ukitua.

Erakutsi nahi duten musikaren moduan, zapore askotariko diskoa da, eta ez dirudi tranpa askorik duenik entzulearentzat, hasi eta bukatu koherentzia eta maila mantentzen baititu. Bide batez, kuriositate txiki bat; festa handia zenean, gizonezkoak gau osoa ematen omen zuten etxez etxe kantari eta eskean, hori omen da paranda musikaren oinarria. Ezaguna egiten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.