Kritika

Sortzaile gotortua

Agus Perez.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Dantza

'Edouard Lock's New Work'

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 4.

Hamabi dantzari eta lau musikari (haize instrumentuak, biolina, txeloa eta pianoa) ekarri ditu Montrealgo La La La Human Steps dantza konpainiak Edouard Lock's New Work lan garaikidea gurean aurkezteko. Izenburuak dioen moduan, hauxe da Edouard Locken lan berria, bera delako quebectar konpainiaren sortzaile eta koreografoa.

Greziar mitologian oinarritutako opera barroko bi (Purcellen Dido eta Eneas eta Glucken Orpheo) hartu du Lockek urruneko inspirazio iturritzat. Ikusleek, berriz, haien musikaren produktu eratorria jaso dute Gavin Bryars eta Blake Hargreaves konpositoreen eskutik, batzutan ia aldaketarik gabe eta gehienetan ikuspegi garaikidetik emana, baina betiere oinarri barrokoa errespetatuta. Izan ere, Locken uste sendoa da musika barrokoaren parametro aritmetikoak lagungarriak direla lengoaia garaikide hotza eraikitzerakoan, nahiz eta, ene uste apalean, muga zurrunak ezartzen dizkioten gaurko edozein sorkuntzari.

Gauzak horrela, eta hasieran pantaila bitan izandako proiekzio ia estatikoen ostean, dantzarien keinu segida frenetiko eta aberatsa hasi da, haietariko bakoitza argi-zirkulu banatan zegoela, punten gainean ia geldirik eta besoak zein eskuak intsektuen abiaduran mugitzen zituztela, gorputza bitan zatituta balute bezala. Emakumeek maillot eta panty beltzak janzten zituzten eta gizon gehienek, praka beltzak besterik ez. Argien diseinu zuri eta zenitalak, aldiz, aldaketa ia estroboskopikoak jasateaz gain, argi-ilun gogorrak sortu ditu emakumeen eta gizonen gihar indartsuak nabarmentzeko.

Dantzarien mugimendu hipnotikoa parodiaren mugatik hurbil ibili da batzuetan eta, aldian behin, leuntasun handiko keinu bakan batzuekin baretu da, etengabeko paroxismo zatikatuan ostera ere murgildu aurretik. Hala ere, badirudi sortzailea gotortuta geratu dela bere planteamendu estetiko aurreratuen defentsan, eta nahiago izan duela bere dantzarien gaitasun tekniko itzela muturreraino eraman, etengabeko irudi estatiko/zinetikoak erakutsiz, publikoarekin egiazko zerbait konpartitu beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.