'In times new roman'

Stonerretik harago, Hommeren mundua Queens of the Stone Age

Argitalpena: Matador records.

2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haserre dago Josh Homme, oso haserre. Bikotekidearekin eduki dituen liskar publiko guztiek (elkarri egindako indarkeria salaketek, haurren zaintza lortzeko epaiketek eta beste hamaika auzik) eta duela ez asko pasa duen minbiziak grabaketa garratza egitera eraman dute, hitzei dagokionez, bederen. Amerikar Estatu Batuetako prentsa arrosa zein rockzaleak, beraz, soberan izan du entretenimendua azken garaietan. Times New Roman Word programaren idazteko formatu bat da, hain zuzen ere, prozesu legaletan erabiltzen den berbera. Beraz, argi dago izenburua nondik datorren.

Bikotekide ohiari emandako ziztada guztien artean kulebroi moduko segida bat topatu genezakeen arren, musika aztertzea tokatzen zaigu hemen. Haserre dago Homme? Bai, oso. Disko berrian islatzen da hori? Bai, baina ñabardurak egin beharrean gaude: musika aztertzen badugu, bere ibilbideko klabe asko topatuko ditugu, baina ez da, inondik ere, bere diskorik gogorrena. Hortik aurrera, gozatzea besterik ez zaigu geratzen. Lehen diskoetako boterea apur bat baretu dela esan genezake, bere eboluzioan nabaritu dezakegun moduan, baina Rated R, Songs for the deaf edota Lullabies to paralyze bezalako diskoen indarra izan gabe ere, lan berri honek badauzka bere bultzada erasokorrak.

Gainera, azken diskoetan erakutsitako jakituriak bere bidea egiten jarraitu du. Beraz, zale berrienen gustukoen izango dira azken hiru diskoak, eta hasiera-hasierako jarraitzaileetako batzuek (Kyuss mitikoen fanatikoek) gehienez ere Era Vulgaris (2007) diskoraino mirestuko dute QOTSA. Baina... nola ez dugu gozatuko Obscenery bezalako rara avis itsaskorrekin? Erritmoa, soinua eta gitarren segidak aldrebestea ofiziotzat daukan Joshek ez digu hutsik egin. Berriz ere.

Paper machete koru konprimitu eta psikodeliko harrigarri haien adibidea dugu, gitarra soinu arraroa eta gitarra soloa ere falta ez dituena. Negative space gozamen hutsa da. Erritmo astuna, atabalen kolpekadak, baxuaren pedala... badauka gatza eta piperra kantu horrek ere, baina batez ere, ederra da. Konplexutasunean haratago joatea gustuko dutenentzat, Time & place harrigarria. Bi erritmo ezberdin bata bestearen gainean, edo hobeto esanda, gurutzaketa jostagarrian dabiltzan bitartean, Hommek gitarra zorrozteari ekiten dio, errepikan QOTSA-ren ohiko maisutasuna erdietsi arte.

Made to parade-n ere gitarren gurutzaketak nagusi badira, Carnavoyeur-en entzuten dugun erabat tonu baxuko soinu limurtzaileari buruz zalantzak dauzkagu berriz ere, gitarra edo baxua ote den. Abiadura gustuko dutenentzat, berriz, ezingo genuke What the peeople say kementsua alde batera utzi. Sicily exotikoa da; ia definizioz, musika esperimentaltzat jo genezakeen estiloaren barruan ere, esperimentala. Horregatik guztiagatik maite dugu QOTSAren estudioko zortzigarren lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.