KRITIKA. Dantza

Suntsitu zena, bizirik

Hainbat dantzari oholtza gainean, La noche de San Juan dantza ikuskizunean. ANTONIO RUZ KONPAINIA.
Agus Perez.
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

'La noche de San Juan'

Koreografia: Antonio Ruz dantzarien kolaborazioarekin. Argumentua: Ventura Gassol. Musika: Robert Gerhard.Piano jolea: Miguel Baselga. Eszenografia: Joan Junyer.Argiak: Olga Garcia. Jantziak:Rosa Garcia Andujar. Dantzariak: Melania Olcina, Elia Lopez, Carmen Fumero, Begoña Quiñones, Pau Aran, Miguel Zomas, Julian Lazzaro. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Apirilaren 1a.

La noche de San Juan dantza-lanaren historia luzea bezain interesgarria da. Balletaren jatorria 1939an kokatu behar dugu, baina gerraren ondorioz ez zen inoiz estreinatu. Haren musika konpositorea Robert Gerhard Ottenwalder izan zen, baina, abizenek iragartzen dutenaren kontrara, Gerhard katalana zen (Valls, Herrialde Katalanak, 1895 - Cambridge, Ingalaterra, 1970) —aita suitzarra eta ama frantsesa—, eta musika ikasi zuen Enric Granados katalanarekin. Gero, Vienara eta Berlinera joan, eta Arnold Schonbergen eraginez metodo atonala eta dodekafonia besarkatu zituen. Balleterako piano-moldaketa ere idatzi zuen, eta hori berori izan da oraingo piezan entzun duguna. Bestetik, ezin izan dut argitu jatorrian La nit de Sant Joan deitu ote zen, tradizio katalanari zegokion legez.

Ballet hura, ordea, ia erabat galdu zen: Leonide Massineren koreografiatik ez da notaziorik geratu, Joan Junyerren figurinak zirriborroak baino ez ziren, eta haren eszenografiatik apunte bakarra salbatu da oraingo eszenaratzerako. Baina figurin lauso haietatik sortu dira piezarako jantzi neurritsuak, eta atzeko oihal dekoratu hura izan da eszena guztietarako apaingarria. Argien diseinu miresgarria lagun, itsasoaren hondoa zein zerua irudikatu ditu, itsas-izarrak zein zerukoak erakutsiz, edo bestela, San Joan gauaren suetako txinpartak eta argi-eztandak gogoratuz.

Gerhardek ez zuen nazionalismo musikalik jorratu, baina teknika aurreratuekin tratatu zuen Kataluniako herri-musikaren altxorra, eta Ruz koreografo andaluziarrak sentsibilitate handiz irudikatu ditu hango folklore aberatsaren elementuak, haietariko batzuk, harrigarriki, Euskal Herrikoen oso antzekoak direnak.

Bide horretatik, eta argumenturako ohar batzuk tartekatu dituen maitagarriaren deklamazio lirdingatsua gorabehera, urteko gaurik laburreneko misterioetan murgildu gara, taula gaineko hiru bikoteen dantza alaien eskutik. Gure soka-dantzan bezala aritu dira hasieran, taldea zirkuluan elkartu eta urrundu da sugarrek erakarrita, satanak suaren gainetik egin dute salto eskuekin makil-dantzaren imintzioak eginez, erraldoiek eta buruhandiek beren rol sinboliko handia jokatu dute erdi animalia erdi gizakia ziren beste izaki batzuen artean, eta, nola ez, sardanak eta beren deribatuak eta giza dorreak ere—castells izenekoak— etorri dira. Finezia handiz eta eginkizun artistiko argiz ekarri ditu Ruzek haiek guztiak, eta antzokitik irten gara balio handiko lan bat ikusi izanaren sentsazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.