KRITIKA. Artea

Tentsioak

Izaro Ieregik Gasteizen ikusgai jarri duen erakusketako hainbat pieza. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

'Feroz eta kabala'

Artista: Izaro Ieregi. Non: Gasteizko Montehermoso Kulturunea. Noiz arte: Otsailaren 24ra arte.

Etengabe entzuten den hitz batek bisitariari aretora sartzeko agindua ematen diola dirudi: Aurrera, aurrera, aurrera... Nahi gabe edo ahotsari kasu eginez, barneratu egin naiz. Ez da ahots bat, bi dira, eta barruan pizturik dauden bideoetatik igortzen dira. Horiek, sartu eta aurrez aurre aurkitzen diren hiru pantaila handietan daude proiektaturik, bisitariei harrera eginez bezala. Oraindik ere: aurrera, aurrera, aurrera... hitzek bizirik diraute, isildu gabe errepikatuz, behin eta berriz. Ezkerretara, eskultura batzuk ikusten dira, guztiak antzekoak. Zenbait, hormara atxikita, eta bakarren bat, lurrean. Pausoa eman orduko konturatu naiz proiektua osatzen duen azken elementuaz, pausoa eman eta hankekin lur sendoarekiko kontaktu zuzena izan ez dudanean. Plastiko zarata sumatu, eta begirada jaitsi ostean ikusi dut. Lurra erabat estalirik dago elkarri lotutako zabor poltsa beltzez, eta zabor poltsa horien gainean nabil, edo nago, zut.

Izaro Ieregiren Feroz eta kabala erakusketara egindako bisitaren lehen sentsazioak izan dira aurreko horiek. Badira urte batzuk Montehermoso kulturunean Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateareakin kolaborazioan MH + UPV/EHU programa egiten hasi zirela, artista gazteen arte ekoizpenei lehen urte horietan lortzea nahikoa zaila den ikusgarritasuna eskaintzeko asmoz. Aurten ere lau izan dira parte hartzeko aukeratuak, baina aldaketa nabarmen eta egoki batekin. Izan ere, orain artean ez bezala, artista bakoitzak bere erakusketa indibiduala egiteko aukera izan baitu, bere proiektua diskurtso koherente batean gorpuztekoa, elkarren artean loturarik ez duten proiektuen multzokatze hutsak diren erakusketak alde batera utziz.

Kasu honetan, artistak Bilboko eta Tabakalerako estudioetan egindako lanen emaitzak biltzen ditu proiektuak, eta, bere ekoizpenean ohikoa duen gisara, gorputzaren presentzia ia modu eskultoriko batez gauzatuta aurkezten du erakusketaren oinarri gisara. Pantailetan proiektatutako emakumezkoen gorputzak dira. Irudi ederrak. Proiekzioetariko bat, zentrala, aurreraturik dago, eta beste biak, alboetan, pixka bat atzerago. Horietako bakoitzean emakume bana ageri da, mugimendu errepikakorrak eginez, behin eta berriz, behin eta berriz, ikuslea ia hipnotizatzera iritsi arte. Hanken indarraz sostengaturik gorputza atzera botatzen dute, tortsio ikaragarriz, behin eta berriz, behin eta berriz. Mugimenduarekiko sinkronian, aurrera, aurrera, aurrera... errepikatzen dute beren ahoek, behin eta berriz, behin eta berriz hau ere. Denbora igaro ahala, ordea, tortsioek gorputzetan sortutako biolentziak ikuslea bera ere akitzen du, protagonisten ahotsa ere emeki-emeki itzaltzen diharduelarik, ia xuxurla bilakatu arte, ia haizea, tarteka indarraren indarrez behartutako intziri gisako aurrera bat aditzen delarik.

Tentsioa etengabekoa da, baina ez gorputzetan sortzen den hori bakarrik, baizik eta baita ekintza bera eta esandako hitzaren artean dagoena ere. Izan ere, gorputza atzeranzko mugimendua egiten ari delarik, ahoak aurrera ahoskatzen dihardu. Badirudi hala-nolako ebatzi gabeko gatazka baten erdian diraugula, egiaz ez atzera eta ez aurrera egin ezin dugula. Etengabeko kiribilduran barneraturik, batak besteari bere bidea egitea eragotziko balio bezala. Iraganaren eta etorkizunaren arteko tentsioaren metafora bera izan liteke, eta tentsio horrek, biolentzia horrek gure gorputzen izatean edo identitatean bertan sorraraziko lituzkeen gatazken eszenaratzea.

Eta ezkerretara kokaturiko eskulturak eta zoru plastifikatuak ere biolentzia edo tentsio horien bidelagun dira. Eskulturek beste plano batera dakarte tentsio hori, materiara bertara, eta zoruak, berriz, espazioari proba-leku kutsua ematen dio; eraikitzen ari den espazioa iradokitzen du, prozesuan zerbait apurtuko balitz ere, hura bildu, jaso eta txukun-txukun, ezer pasa ez balitz bezala aurrera joateko aukera.

Tentsio eta biolentzia horiek, ordea, izenburuan bertan dute jada abiapuntua: Feroz, alegia, basatia; eta Kabala, otzandua den hori. Nola uztartu biak? Hausnarketa posible bat baino gehiago bidera dezakeen erakusketa da, baina ikuspuntu bakarrekoa. Aretora sartu eta lehen pausoa aurrera egin ahala, hangoelementu guztiak aurrez aurre aurkitzen baitira berehala, eta ikusleak posizio horretatik mugitu beharrik ez du proiektua osoki bereganatzeko. Horrela, tamalez, instalazioak ez du espazioan gehiago barneratzeko gonbita egiten, aurrez aurreko bista ederra izan arren. Proiektuaren edukia ez bezala, instalazioa bera otzanduegia dagoelako agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.