'The Tree'
Zuzendaria: Julie Bertucelli.
Aktoreak: Charlotte Gainsbourg, Marton Csokas, Christian Byers,
Herrialdea: Frantzia.
Iraupena: 100 minutu.
Liluratzeko modukoak omen dira Australiako natura eta pasaiak. The Tree horren erakusgarri da. Zeruari begira, hodeiak, eguzkia, euria, eta amaierarik ez duen zerumuga. Lurrean, berriz, mota guztietako animaliak: apoak, zomorroak, umezainik behar ez duten kanguru jaioberriak. Itsasoan ere bada zerikusirik; medusak, esate baterako. Denaren gainean, zuhaitza, arbolatzarra, ongi errotuta, gertatzen den guztiari adi, hainbatetan mehatxuzko presentzia, magal abegikorra, abaro eskuzabala.
Lilura horretatik abiatuta, film poetiko eta sinbolikoa egin nahi izan du Julie Bertucellik. Hain sinbolikoa, non ahaztu egin zaion irudien edertasunak zer konta behar duen, pelikula dokumental atsegin bat bihurtu nahi ez bada bederen. Erritmo nagian, narratibak ihes egin dio zuzendari frantziarrari. Bide ugari irekiko ditu, azkenean bat ere urratzen ausartu gabe.
Izatez, komunikatzen ahal den zuhaitza da narrazioaren ardatza. Osagai fantastikoak bereganatuta, berehala sinboloen mundura jo nahi du The Tree-k. Hari horrek behar zuen magia indarra galduko du pelikulak aurrera egin ahala. Alabaren deskubrimenduak ez du ama harrapatuko, are gutxiago ikuslea. Behin eta berriz, zuhaitza ikusita ere, ez du ematen barne bizia duenik. Are gutxiago emaztearen jokabidearen aurrean bere haserrea agertu nahi izanen duenean.
Horixe da The Tree honek duen arazo nagusietakoa. Gauza asko kontatu nahi ditu hitz gutxi erabilita. Nonbait, ikusleak bete behar ditu hutsune horiek. Berez, aukera hori erakargarria da; beste film askotan ongi funtzionatu izan du. Hemen, baina, ez da halakorik gertatuko. Nonbait, zuzendaria bera eraikinak dituen ahulguneez jabetuko da, eta zenbait kontu azpimarratzera joko du: aitak oparitutako erlojua, iltze batekin negarrez hasiko den enborra edota mozketa eragozteko ekintza sasi-ekologiko sinesgaitza.
Familia harremanen inguruko istorio izatera ere jolastuko da The Tree, baina horretan ere erdibidean geldituko da. Charlotte Gainsbourgi berriro ere sufritzea tokatuko zaio, baina hau ez da Antichrist. Sufrimendu horri lebitazio moduko batekin eginen dio aurre. Nahiko axolagabe ibiliko da hara eta hona, etxetik herrira, logelatik zuhaitzera.
Filma bera protagonistaren ispilua da. Batetik bestera salto eginez, non pausatu behar den oso ongi jakin gabe. Behin eta berriz zuhaitzari begira, baina honek txori gehiegi ditu adarretan eta mutu segituko du.
Kritika. Zinema
'Too many birds'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu