'Oedipus Rex': Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Easo abesbatza
Zuzendariak: Erik Nielsen (musika), Santi Arnal eta Anna Fernandez (eszena, Per Poc konpainia). Bakarlariak: Irene Jacob (narratzailea), Peter Marsh (Edipo), Claudia Mahnke (Yocasta), Mikhail Petrenko (Tiresias), Fernando Latorre (Creonte), Damian del Castillo (mezularia), Aitor Garitano (artzaina). Egitaraua: P. I. Txaikovskiren 'Hamlet' fantasia-obertura op. 67 eta I. Stravinskiren Oedipus Rex (libretoa: Jean Cocteau). Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.Eguna: Abuztuak 24.Ez dakit zein irizpide zuten aurtengo Musika Hamabostaldiari operarik ez egotea egotzi ziotenek, Oedipus Rex ekoizpen berriak, opera-oratorioa izaki, edozein titulu handiri eska dakizkiokeen elementu guztiak (eta gehiago) bildu baitzituen. Aurretik, P. I. Txaikovskiren 'Hamlet' fantasia-obertura, orkestra jada fosoan, ñabarduraz betea. Danimarkako printzearen tragedia Tebaseko erregearen patua ezagutzeko zubia izan zen.
Stravinskirena obra konplexua da, eta hori eszenaratzea berez arriskutsua dela esan daiteke. Per Poc txotxongilo konpainiari utzi dio jaialdiak ardura hori. Maskara greko jatorrizkoak birsortzeko egin duten lan artisauak, baita hori taula gainean aurkezteko modu sotilak ere, mugimendu eta argiztapen apartarekin hieratismoa azpimarratuz, emaitza estetiko eta musikal zirraragarria bideratu zuten. Horretan funtsezkoa izan zen Erik Nielsenen gidaritza paregabea: lan fin eta zorrotza egin du orkestrarekin soinu mailak bereiziz. Bakarlariak ere egoki, Claudia Mahnke nabarmen Jokasta ama-emaztearen rol hunkigarrian.
Baina esango nuke abesbatzarena dela egitekorik estuena. Garrantzi handia du tragedia grekoetan, hain zuzen, hausnarketa egiten duen subjektua delako, gertakarien aurka edo alde ateratzen den komunitatea. Hain da ezinbestekoa bere presentzia, ezen antzerkia bera hasi eta amaitzeko ardura duen gehienetan. Easo abesbatzak kolore borobila eta emisio zuzena izan zuen parte hartze guztietan, epilogoan bereziki distiratsu, baita tesitura tenkatzen duten zatietan ere —«Gloria, gloria, gloria!»—; ahoskera ere bikaina, latinezko testua marmolezko bloke baten antzera trinko eta argi.
Tragedia klasikoak badu zerbait aztoragarria: irakurle-entzule-ikusleak badaki zer gertatuko den, ezagutzen ditu zorigaiztoaren bideak; hala ere, edo horregatik, hara abiatzen da, zorigaitza bere aurrean zabaltzea nahi du. Katarsia erabiltzen zuten grekoek tragediak sor dezakeen arazketa morala azaltzeko, emozioak jaso eta askatzeko prozesuari. Agurrik ez, Edipo: hurren arte.