KRITIKA. Antzerkia

Txorien liturgia

2025eko ekainaren 3a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

‘The bird that never flew’

Zuzendaria, konpositorea, jantziak: Hanna Tuulikki. Ahots taldea: Hanna Tuulikki, Lucy Ducombe, MIscha Macpherson. Soinu diseinua: Sam Annand. Landako grabazioak: Pete Smith. Lekua: Bilboko Azkuna zentroa. Eguna: Maiatzaren 30. 

Bilboko Azkuna zentroko Prototipoak jaialdian ikusi dugunak ez dio gure itxaropenari hutsik egin, kontrara. Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienala izaki, askotariko adierazpide artistikoen benetako erakusleihoa izan delako, batetik; eta bestetik, esperimentazioaren azken emaitzak kalitatezkoak suertatu zaizkigulako. Eta bai, emaitza aipatu dut eta ez prozesua. Gauza jakina da azken hori hala-holako emanaldiak justifikatzeko erabiltzen dela askotan gurean, alegia, prozesuan parte hartu ez duen ikusle bati aitzakia gisa eskaintzen zaiola, ikusgarri kaskarra defendatzeko. Ikas dezakegu, beraz, ikusitakoetatik. 

The Bird that Never Flew [Inoiz hegan egin ez duen txoria] esaldia VI. mendeko San Mungoari buruzko abesti herrikoi bateko lerroa da. Santuari egokitzen zaizkion lau mirariak azaltzen dituzte bertan. Glasgowgo sortzaile eta apezpiku izandakoaren gaineko legendak diosku haren lehenbiziko mirakulua gelakideek hildako papogorria berpiztea izan zela. Hanna Tuulikki musikari britaniar-finlandiarrak pertsonaia hori eta txorien kantak baliatu ditu kezka ekologikoa transmititzen duen kontzertu teatralizatu bat ontzeko. Egia esan, ez dakigu nola definitu ikuskizuna, askotariko adierazpen artistikoetatik edaten duelako. Ahots taldearen jantzi txori-beltzek okila ekartzen dute gogora, kapelek dervitxeak, betileek hegazterrenen buruko lumak. Argien erabilera, gainera, guztiz delikatua izan da.

Polifonia ez dute giza ahotsez soilik eraiki, hirukoteak txori txioekin batera abestu baitu, eta, hala, espezieen arteko fusio musikala sortu. Aretoan sartu garenetik entzun ditugu papogorriak, zozo arreak, basoilarrak, urretxindorrak eta txorruak, besteak beste. Giro mistiko moduko bat sortu dute melodiek, nor bere baitan bildurik egotekoa; salterio eta elektronika nahasketak baretasuna barreiatu du jesarleku patioan zehar. 

Ingelesez aritu dira eta ez dugu dena ulertu; letra hain garrantzizkoa izaki, nola ez dute itzulpena eskaini? Harrapatu dugun leloetako bat naturaren eta berdeguneen ezintasunaz mintzatu zaigu. «Zer egin dezakegu?» galdera ahoskatzerekin batera fight back [borrokatu] zioten txoriak eman dituzte kantariek. Alerta, alerta egoeraz aritu direla uste dugu. 

Amaierako txalo sutsuen ondoren, Tuulikkik, eskua eskularru gorri batean sartuta, ukabil itxia altxatu du eta power hitza emeki xuxurlatu duen arren, argi aditu diogu. Ahalmena ala boterea adierazi nahi zigun? Dena delarik ere, eztiki bezain irmoki ahoskatu du: «power»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.