Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Udaren orbanak

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Été 85'



Zuzendaria: François Ozon. Aktoreak: Felix Lefebvre, Benjamin Voisin. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 100 minutu.

Frantziako kostaldean gaude. 1985. Uda. Alex gazteak ez daki zer egin bizitzan, ikasten jarraitu, Lefevre irakasleak gomendatu dion bezala, ala ikasketak utzi eta lanean hasi, aitak espero duen bezala.

Bat-batean ekaitza sortuko da itsasoan, eta David agertuko da bertatik, lamia bezala, trumoi artean, tximista artean, hodei lodi eta ilunen artean, Alex gaztea hondoratzetik salbatzeko.

Bitxia da uda, ederra, argitsua izaten ohi da, edo horrela irudikatzea maite dugu. Eta hori da gakoa: gauzak diren moduan ikusteko gai garen, edo gure nahien arabera soilik irudikatzeko gauza garen. Horrelakoa izango da Alexen uda: gatazkatsua eta asaldagarria. Zauri sakon bat. Inoiz ahaztu ezingo duen uda.

Guztiok dugu uda bat, eta uda horretan ikasitakoa ez ahaztea berebizikoa da. Batzuek edertasunari jarriko diote arreta, besteek laztasunari, laztantzen zaituen eskua bezala, fereka lausotik itolarrira joan daitekeen tarte ezin zabalagoan.

Ozonen azken filmean bi atal nagusi nabarmenduko nituzke, erritmoari eta ikuslearen jakin-minari modu desberdinean eutsiko diotenak. Pelikula modu irregularrean bizitzera eramango gaitu zuzendariak, igoera klimatiko batetik, jaitsiera antiklimatiko eta ez hain borobilera. Hala eta guztiz ere, filmak modu ezin ederragoan azalduko du bi gazte hauen istorioa. Elkarri egingo dizkioten promesak, kateak bezalakoak, beruna bezalakoak, aingura bezalakoak izango dira, eta hondoratuko dira udan. Edertasuna iragankorra delako, denbora bezala, eta geldiarazten saiatzen dena harri bilakatzeko arriskuan egongo delako: astuna eta higiezina den medusaren begiradak zartatutako estatua zamatuko balu bezala.

«Zein da zure uda?», galdetuko nizueke, eta hilerri guztiak gorpuz beteak daudela erantzungo nizueke.

Bertan topatuko dugu elkar noizbait, Alexek eta Davidek bezala, eta topa eta dantza egingo dugu, beharrezkoa suertatzen bada, han dagoeneko guztia delako iragana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.