Artea. Kritika

Uharte desertuen hileta

Gasteizko Montehermoson jarritako erakusketan kolonizazioak espazio berezia du. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Haizea Barcenilla
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Arte mota

'Inorena ez al da lurra?

Lekua: Gasteizko Montehermoso kultur zentroa.

Noiz arte: maiatzaren 22ra arte.

Ba al da norbaitena ez den lurrik gaur egun? Existitzen al dira abenturetako liburuetan azaltzen ziren uharte abandonatu horiek, inork erosi ez dituen espazioak? Alde egin nahi badugu, beste inon hutsetik hasi, ba al dago besterik gabe har gaitzakeen lurrik, inoren menpean egon eta inori gu onartzeko eskatzea inposatzen ez digunik?

Zalantzagarria da, nekez sinestekoa. Sentitzen dut oraindik esperantza zutenengatik. Egokitu zaigun gizarte kapitalista honetan, jabetza nahitaezkoa da sistemaren mantentzerako, eta logika horren barne ere sartzen da lurra. Hori dela eta, lurraren inguruko eztabaidak, jabetze-prozesuak, aldarrikapenak edozein lurralderen historian leku bat dute, Montehermosoko erakusketa berriak adierazten duen bezala. Inorena ez al da lurra? (¿Tierra de nadie?) proposamenak leku desberdinetako kasuak aurkezten dizkigu, estetikatik aldendu gabe egungo auzi politikoak oso hurbil dituztenak.

Kolonizazioak espazio berezia du, eta ezin zitekeen bestela izan. Pentsa dezagun europarrak edozein lurraldetara iristen zirenean biztanleak lur horien gaineko jabetzat aintzat hartzea ezinezkoa zitzaiela: Espainiarentzako, Amerikako lurrak beti egon dira «hutsik». Lurrak bereganatzeko joera honek, gero nolanahi zatitu eta ahituz, oraindik gure garaian pizten diren gudatan ditu ondorenak. Horrela erakusten du, esaterako, Mathieu Kleyebe Abonnencek Foreword to guns for Banta lan zertxobait korapilatsuan, Guinea Bissauko independentziaren inguruan 60ko hamarkadan bukatu gabe geratu zen film batean oinarrituz; eta modu argiago eta beharbada argigarriagoan ere, Olivia Plenderen Set sail for the Levant (Itsasoratu Levanterantz), antzara-jokoaren aurrekari bitxia, non zure itsasontziarekin Levantera lehena iristen bazara, objektu preziatuak erosi eta aberats egin zaitezkeen. Tamalez, jokoa ikusleari eskaintzen bazaio ere, inor ez da abenturan ausartzen, espazioak eta gaiak ematen duten seriotasunak oztopatuta ziurrenik. Eta Plenderen ironia ezagutzen duenarentzat, agian nahita sortutako efektua ere bada inork jolastu nahi ez duen jolas bat eskaintzearena.

Kolonizazioak itzal luzeak ditu bederen, eta arrastoak utzi ditu lurralde askotan. Pedro das pedras lanaren protagonista da horren irudia, Maria Thereza Alvesen eskutik mostran. Bere lurretik bidalia, herri berri batean pobrezian bizi izan zen Pedro jaunaren historia kontatzen zaigu, gero berak guaraniei emandako laguntza haiek ere herrietatik bidaliak izan zirenean. Eta ibiltariak eta mugikorrak dira, halaber, Vasco Araujoren O Percurso bideoaren pertsonaiak, lurrarekin jabetza erlazio bat izan beharrean, nomadak bezala aurrera egiten dutenak, behin eta berriz lurretik lur, inorako bidean. Egun ere politizatu eta bidaltzen diren nomadak, hain zuzen ere, indar handiko irudien bidez.

Istorioz beteta dago erakusketa; oso narratiboa da. Horrenbeste, zein zenbait lanetan, Abonnencen kasuan bezala, mailak nahasi eta zaila egiten den jarraitzea. Baina, oro har, narratibotasun horrek berak liluratzen du ikuslea, ikusten jarraitzera bultzatzen du. Esaterako, Jose Arnaud-Belloren Still Camps kasuan, Ingalaterrako lur komunalen jabetze-prozesua kontatzen zaigu sistema berezi baten bidez: bi kristalen gainean irudiak eta testuak kokatzen dira, eta horien atzean, proiektore bana. Erritmo jakin bati jarraituz banan-banan argitzen dituzte proiektoreek irudiak, istorioa sortuz, ikuslea batetik bestera mugiaraziz, kantu baten melodiari jarraituz bezala. Kontakizun narratibo eta politiko baten materializazio estatiko aipagarria.

Eta lur guztiak jabea badu, zeri deritzogu espazio publikoa ostera? Amy Balkinek esperimentu bat aurkezten du zentzu horretan, espazio bat diru publikoarekin erosi eta jendearen zerbitzura jartzen saiatzen baita; hots, mundu osoko biztanleena izango den lur eremu bat eskaintzen. Bere odisean gertatutakoak azaltzen ditu This is the public domain-ek aurkezpenean, azkenean denoi gurea den lurzoru bat eskainiz, AEBetako desertu batean galduta eta sarrerarik gabeko lur karratu bat. Hori da egungo espazio publikoa.

Erakusketari kritika bat egin ahal zaio, ordea, eta hori informazio gehiegi ematearekin lotzen da. Asko dira testuak, asko narrazioak, asko bideo luzeak, asko kontakizunak. Ez da bakarrik denbora eskatzen duen erakusketa bat, baita datu asko barneratzea behar duena ere. Gogoz ekin behar zaio, ez da denbora-pasa moduan ikus daitekeen mostra bat; eta hori zilegi bada, eta are gehiago interesgarri ematen duen guztiagatik, hobe da ikusleak aldez aurretik jakitea, batez ere hasieran aurkituko dituen testu ingelesak direla eta —nahiz eta dena itzulia dagoen eskaintzen diren paperetan—. Berriz ere, Montehermosok bertako eta nazioarteko zentroa izaten dakiela erakutsi du, beste lekuetatik edonon arreta eskaintzeko moduko gaiak eta artelanak ekarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.