'Three Bilboards Outside Ebbing, Missouri'
Zuzendaria: Martin McDonagh. Aktoreak: Frances McDormand, Woody harrelson, Sam Rockwell. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 116 min.
Frances McDormand, Woody Harrelson eta Sam Rockwell. Baita Lucas Hedges ere. Eta noski, Martin McDonagh. Film honetako izen handiak dira; lehen lauak aktoreak, azkena zuzendari eta batez ere gidoilaria.
Haren mina nolabait baretu behar duen emakume baten istorioa da McDonaghena. Norbaitek bere alaba bortxatu eta erail zuen, eta zazpi hilabete ondoren badirudi herriko polizia guztiz ahaztu dela kasuaz. McDormandek gorpuzten duen Mildred Hayesek errepide ondoko hiru publizitate hesi alokatu eta mezu akusatzaile bat zuzentzen dio herriko polizia buruari (Harrelson). Orduan hasiko dira iskanbilak. McDonaghek maisuki gidatuko gaitu istorioan zehar tragikoa den egoera batean barrea sorraraziz. Umore beltz eta makabroz bustitako elkarrizketa biziak erabiliz filmaren gaia zein den ahaztera eramaten gaitu, errealitate zaplazteko batekin gogorarazten digun arte.
Aktoreen lana beste maila batean dago. Filma hasi eta ordu erdi besterik ez zen igaro Frances McDormandek txalo zaparrada jaso zuenerako. Eta ez da gutxiagorako. Emakume indartsu baten rola egiten du, haren minari aurre egin baino nahiago duena erantzunak exijitu. Pozoiez beteriko esaldiak banatzen ditu hurbiltzen zaion edonori, baina geruza indartsu horren azpian hautsita dagoen emakume baten sufrimendua ikus dezakegu. Harrelsonen pertsonaia du ustezko antagonista, eta parte hartze laburra badu ere interpretazio indartsua eskaintzen du. Sam Rockwell da haren laguntzailea. Guztiz pasatuta dagoen eta jipoiak ematea gustuko duen polizia arrazista. Hasiera batean pertsonaia estereotipiko bat dirudien arren, filmak aurrera egin ahala ertz ugari dituen pertsonaia dela ohartuko gara. Hori du ona McDonaghen filmak: entretenimendu soila dirudien komedia dramatiko bati istorio sakon eta pertsonaia konplexuak gehitu dizkio.