Kritika. Zinema

Urrezko kaiola

Gontzal Agote.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
'Rio'

Zuzendaria: Carlos Saldanha. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 96 minutu. .

Etxera begira jarri da Carlos Saldanha, eta bere sorterriari buruzko postal animatu ikusgarri bat eskaini nahi izan du. Ez da batere zaila Minnesota hotzetik Rioren berotasunera bueltako bidea eginen duen guakamaio helduarengan zuzendariaren arrastoa ikustea. Ice Age-ren izotz puskak mundu osoan barreiatu ostean, gaztetako paradisu galdura itzuli da, atsedena hartu nahi duen konkistatzaile gisara.

Zoritxarrez, ez du Rioren erretratu intimo eta pertsonala egin, ez du oroitzapen kutxa zabaldu barnean duena erakusteko, ezta irudi mitifikatuek gordetzen dituzten tolesdurak kontatu ere. Topikoen gainean eraikita, atzerritarren begiradatik egina ematen du Rio-k, atzerritarrentzat egina baita. Sanba, hondartzak, inauteriak, Azukrezko Ogia, gastronomia eta favelen alderik atseginena, horixe da Rio de Janeirok bere enbaxadore zinematografikoaren bitartez esportatu nahi duena.

Ez da orijinaltasuna filmaren bertute nagusia, eta gabezia hori ez da hirira mugatuko. Istorioak berak ere azken urteotan animazio filmetan ikusitako baliabide asko bere egin ditu. Orain artean Ice Age-k ongi jakin izan du Pixar eta Dreamworksen arteko eremu propioa bilatzen; Rio honetan ia guztiz desagertu da diferentzia. Esate baterako, nola ez akordatu Up-ekin (Peter Docter, Bob Peterson, 2009), argazkiak erabilita pelikula hasieran egiten den elipsiarekin edota oihaneko hainbat sekuentziatan?

Hiria izanik pertsonaia nagusia, istorioa garatu behar duten beste horiek oso bazterrean geldituko dira, berezko nortasuna eskuratu gabe. Hutsune hori are nabarmenagoa da bigarren mailakoen artean, istorioak eskatzen dien funtzioa bete besterik ez dute egingo. Maitasun harremanaren bikoiztasunak ez dio ezertan lagunduko Rio-ri, txoriek zein pertsonek ia mimetikoki jokatuko dute, habia edo kaiolaren bila.

Horiek hala, Rio-k kolore biziko animazio zainduan du indargune nagusia. Baliabide teknikoei esker, errealismo maila ezin handiagoa lortu dute, eta, beste batzuetan ez bezala, hori eskertzeko da ingurune jakin batean gertatzen den film honetan.

Filmak zabaldu nahi dituen balioak nahiko oinarrizkoak dira: kaiolatik ateratzeko beharra askatasun hegalari baten bila, ekologia lauso bat. Oro har, transmititu nahi duen bizipozak eta alaitasunak gezurretako traza hartuko du, aire girotua duen autobusetik turista talde bati erakusten zaion munduko edozein hiriren igualtsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.