Kritika. Zinema

'Yuppi'-en estutasunak

Gontzal Agote.
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'The Company Men'

Zuzendaria: John Wells. Aktoreak: Ben Affleck, Chris Cooper, Kevin Costner, Maria Bello, Tomy Lee Jones, Craig T. Nelson...

Bere ingurura begiratu eta krisialdi ekonomikoaren bertsio bitxia eman digu John Wells zuzendariak. Langabeziara kondenatuta dauden hiru gizasemeren gorabeherak dira pelikularen ardatz, erretratu sozial eta pertsonala uztartu nahi dituen istorioan. Kontua da lanik gabe gelditu diren horiek ez direla nolanahiko morroiak; Porsche-a, etxetzarra eta golf klubeko abonua mantentzea dira egunerokoan dituzten motibazio nagusiak.

Zinema sasi-sozialaz mozorrotuta ailegatu da The Company Men, baina behin maskara kentzen duenean azalkeria besterik ez dela argi geldituko da, barnean hutsa da. Hasierako minutuetan kontrakoa izanen da inpresioa; enpresa orojakileen kritika (leuna) izan behar duenaren itxuraz, hor emanen du bere onena pelikulak.

Enpresa egiturari zein kontsumo ohitura zoroei erreparatuta, bide hori hasiko du ibiltzen The Company Men-ek. Gailurrean dagoenaren hondoratzea eta bizi izan duen ilusio faltsutik esnatzea, horixe dirudi lehen minutuon proposamena. Lehen mailako aktoreak izanik —hor dira Tommy Lee Jones eta Chris Cooper beti bikaina, baita bere onera itzuli den Kevin Costner itsustua ere—, hortik segitu izanak taxuzko filma egiteko aukera polita ematen zuen.

Zoritxarrez, oso bestelako norabidea aukeratu du Wellsek. Izan gabe, independente kategoria lortu nahi izaten duten pelikula gehienek bezala, lehenbailehen zorroztasuna eskatzen duen ikuspuntu kritikoa alboratzen du. Eta hortik aurrera, izaten ahal zenaren karikatura hutsa bihurtzen da The Company Men, (Hiru) Gizon desesperatuak balizko telesail baterako entsegu zatar bat bihurtzeraino.

Istorioaren zutabe nagusietakoa izan behar zuen Ben Affleck marrazoaren eta Kevin Costner beharginaren arteko harremana guztiz sinestezina gertatzen da, hain da bortxatua proposatzen den dualtasuna. Arazo nagusia da Affleckek duen bilakaera, gorbata ezin eranstetik teilatuak konpontzera pasako den pertsonaia hori tristea zein barregarria da aldi berean.

Horrekin batera, filmak aurrera egin ahala, gero eta jasangaitzago bihurtzen du bere mezua. Enpresaren zerbitzari leial horiek zaila dute ikuslearekiko enpatiarik lortzea, nekez izan ahal zaie errukirik. Hala ere, zuzendari onberak salbatu nahiko ditu, horregatik gisa bereko proiektu berri bat hasteko aukera emanen die, denak igual segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.