'Mapamundistak: Atalasea
Artistak: Aurelien Mauplot, Irene Zottola eta Alberto Oderiz.Lekua: Iruñeko Ziudadela.Noiz arte: Urriaren 27ra arte.Zein da inguruarekin, lekukotasunarekin eta gure gorputza biltzen duen espazioarekin dugun hartu-emana? Askotan, harreman hori ikusmenera mugatzen badugu ere, badago begietatik sartzen zaigunaz gaindi sortzen den pertzepzioa. Honela, inguratzen gaituena gorputzaren barrenetaraino isurtzen da, eta inguruan dugun horri harrera egiteko orduan eragiten du. Bada, prozesu horretan, lehenengo kontaktu horretan eta hautemate horren barneratzean zentratzen dira Iruñeko Ziudadelan kokatutako erakusketak; hain zuzen, Mapamundistak: Atalasea komisariotza proiektuaren parte diren hirurak.
Nolabait ere, hastapen orok bideratzen dituen erritualei men eginik, aurtengo edizioak atalaseari egiten dio erreferentzia. Abiapuntu tematiko berbera dute artistek, baina iruditeria eta hausnarketa pluralak atxikitzen dizkiote proiektuari. Halatan, Labean Aurelien Mauplot artistaren Mundu ikusezinak-Canto dute instalazioa aurkezten zaigun bitartean, Mistoen eraikinean Irene Zottolaren Ikaro eta Alberto Oderizen Jaiotza baten arkeologia proiektuek egiten digute harrera.
Instalazioen aniztasunak bideratzen duen multisentsorialtasunak artisten proposamenen erroetara garamatza. Alabaina, esan genezake Mauploten instalazioa dela erroen erroetan kokatzen gaituena. Ziudadelako eraikin zirkularreko atalasea zeharkatu, eta espazioan barneratzen garen momentuan, atmosfera ilun eta heze batek harrapatzen baikaitu. Historiaurreko kobazulo baten barrenetan kokatzen gaitu instalazioak: soinuek, itzalek, hormetan proiektatzen diren irudiek... horretaz ohartarazten gaituzte.
Eszenografia horren parte diren pantailetan haitzarteko pinturak sumatzen dira, eta, momentuka, gizon baten gorputza horietan integratzen da. Bada, integratze horretan, momentu haren eta orainaren arteko lokarriak estutzen ditu, eta historiaurreko momentu horretan garatzen ziren liturgia edota erritualen parte bihurtzen gara ikusleak.
Kobazulotik atera eta hurrengo espazioan murgiltzen garen momentuan, eszena bestelakoa da. Erakusketa arkeologiko bat dugu tartean, baina, aurkezten diren aztarnak antzinatean kokatu beharrean, Oderizen iragan hurbilerantz eramaten gaituzte. Laginek artistaren alabak munduarekin izan dituen harreman prozesuei egiten baitiete erreferentzia.
Laginak ikusi eta horiei lotutako kartelak irakurtzen ditugun heinean, lokarri batek eusten gaitu inguratzen gaituenarekin. Ehuntze horrek geure egunerokotasunera eramaten gaitu, eta oroimena ere aktibatzen digu moduren batean.
Aipatzekoa da aktibatze hori bideratzeko pautak Oderizen erakusketaren instalazio harmoniatsuak ahalbidetzen dituela, Mistoen eraikina bezalako espazio ez-neutro batean agertzeak erakusketen irakurketak oztopatzeko arriskua baitu. Alabaina, oraingoan, hori bigarren plano batean geratzen da. Dena dela, ez da halakorik suertatzen Zottolaren lanari eskainitako espazioan. Izan ere, piezen eskala txikia espazioaren murruen zurruntasunean urperatzen baita zenbaitetan. Alegia, murruek lehenengo planora egiten dute salto, artistaren lana zeharkatuz, kasu honetan ildo nagusia testua baita.
Zottolak euskarri anitzeko konposizioak eskaintzen dizkigu, collagea, argazkilaritza edota artxibategietako materialak abiapuntu baitira. Oraingoan, atalasea atzean utzi, eta nonbaitetik nonbaitera hegan egiteko prozesu sinbolikoan zentratzen dira piezak. Orduan, horien artean azaltzen diren testuetan hondoratzen gara, espazioan aurrera egin ahala: «hegaldia ezagutzeko beharrezkoa da hegoa ezagutzea», «jakin nahiko nuke zergatik egiten dugun hegan zeruan dagoen hodei bakarrerantz», eta abar.
Artistek proposatzen dizkiguten hausnarketen itzulpen estetikoa komisariotza proiektuak aurkezten duen aniztasunean islatzen da. Esaterako, Oderiz, Zottola eta Mauploten lanek konposizio osatu bat bideratzen dute Ziudadelako espazioetan, eta pluraltasun multisentsoriala arnasten da. Instalazioak askotarikoak dira, eta espazio bat atzean utzi eta hurrengoan barneratzen garen momentuan, musika, tonua eta atmosfera aldatzen dira, gure gorputzak bestelako koreografia bat interpretatzera behartuz, hain zuzen.