Morgan. 'North'

Zera zirraragarri hori

Diskoetxea: Autoekoizpena.

2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Cobra, Seiurte, Dinero eta SCR taldeetan ari edota aritu den Ekain Elorzaren proiektu berria zela eta jaso nuen Morgan taldearen lehen diskoa, lagun batek «lanak egiteko ditudanean lasai-lasai entzuteko» bidalia. Egun hartatik, nire entzungailu ia guztien jaun eta jabe da North izeneko lana, lanak egitean ez ezik irakurtzean, sukaldean ari naizenean, kotxean, eta baita dutxan ere entzuten baitut. Guztiz engantxatuta naukala aitortzen dut, denbora gutxian ene talde kuttunetako bat bihurtu da, eta ordutik han-hemenka zabaltzen dihardut.

Ingelesez abestutako hamabi abesti eta gaztelaniazko bat aurkituko ditugu, nagusiki madrildarrez osatutako taldearen lehen diskoan. Soul eta R&B doinuak dira jaun eta jabe, baina rock, pop eta funk ukituak ere badaude, guztien arteko nahasketa polita erakutsiz. Carolina De Juan Nina-ren ahots eztiak urratu puntu bat ere ageri du, eta indarra berezkoa nabari zaio, Home, diskoa irekitzen duen abestian, Roar-en edota Attempting-en soul eta rock ukitua ematera helduz, eta Work eta Cheesecake bezalakoetan, aldiz, pop abestiek berezko duten eztitasuna erakutsiz. Thank You-n lehen aipatu funk estiloa nabarmen bereizi daiteke, eta ezin aipatu gabe utzi Volver gaztelaniazko abesti bakarreko ahots eta pianoaren konbinazioaren sinpletasun ederra. Berebiziko garrantzia hartzen du askotan instrumentu horrek, eta, haizezkoekin batera, gitarrak, bateriak eta baxuak ere ezin hobeto egiten dute bat, guztien artean abestiro melodia ederrak sortuz. Gehiegizko nahasketa digitalak alde batera utzita, berezko soinu naturala nabari dezakegu lan osoan zehar. Zuzenean entzun eta ikusteko irrikaz nago jada, ea laster aukerarik dugun, kalitatea soberan daukatela argi utzi baitigute, eta taula gainean gozaraziko digutela ere ziur bainago.

Oraingoz diskoarekin konformatu beharko gara baina, eta bitartean, ni behintzat, lau haizetara ari naiz zabaltzen lehenengo aldiz entzun nuenetik, ezagutzen ez dutenei gomendatuz eta ezagutzen dutenekin zenbat gustatu zaigun jardunez; hala, musikak jendea elkartzeko indarra duen adibide, «eskerrik asko, bihotzez» eta «malko bat ere atera zait!» entzun eta besarkadaren bat edo beste ere irabazi dut, aipatu berri dudan guztia neuk bakarrik pentsatzen ez dudala ikusiz. Talde batek zera zirraragarri hori transmititzea lortzen duenean, entzulearengan itzala uzten duenean, orduan esan dezakegu helburu nagusia bete duela, eta Morganeko kideek bete-betean asmatu dute gugan nola eragin, beraiei ere barruak eragiten dizkienak sortzen. Sentimenduak pil-pilean jartzetik bozgorailuetako bolumena topera igo eta ero moduan abestera edo etxean dantzan jartzeraino eramango zaituen lana da, eta orain arteko hitz hauek guztiak sobera daude. Ezinbestean entzun beharrekoa da; ez zarete damutuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.