KRITIKA. Musika

Zergatirik ez

2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun

Geneva Camerata

Zuzendaria: David Greilsammer. Koreografia, argiak eta dantza: Juan Kruz Diaz de Garaio. Egitaraua: Dance of the sun, Le bourgeois gentilhomme eta Wolfang Amadeus Mozarten 40. Sinfonia.Lekua: Kursaal Auditoriuma.Eguna: Urriaren 27a

Musika klasikoan ohikoak diren azturak hautsiz, Geneva Cameratako kideek errepertorio askotarikoa lantzen dute, barrokotik rockera. Kursaalean aurkeztu duten Dance of the sun proiektuan, Juan Kruz Diaz de Garaio koreografo eta dantzari legazpiarrarekin batera garatu dutenean, agertoki hutsean aritzen dira: ez atrilik, ez aulkirik, ez partiturarik. Oihal zuri garbiaren aurrean, musika mugimenduaz sublimatzeko aukeren miaketa.

Jean-Baptiste Lullyk Luis XIV.aren gortean interpretatzeko (batez ere dantzatzeko) konposatu zuen Le bourgeois gentilhomme, Moliereren libretoari jarraituz bost ekitaldiz osatutako komedia-balleta. Oraingoan, baina, orkestrarako suitea entzun ahal izan zen, proposamen eszeniko minimalista eta erakargarrian. Diaz de Garaio gidari, Geneva Cameratako musikariek beraiek zuten espazioa bete eta osatzeko ardura. XVII. mendeko dantzak eskatzen duen puntuen kolpeak bigunegiak suertatu zirela pentsa badaiteke ere, mugimenduak ez zuen musikaren garapena desorekatu edo oztopatu. Argi, ispilu eta itzalekin sortutako jolasak efektu estetiko sotil eta sakona lortu zuen. Bereziki nabarmentzekoa Marche pour la Ceremonie des Turcs mugimenduaren interpretazioa.

Bigarren zatian, Wolfgang Amadeus Mozarten 40. Sinfoniagarai biziki emankorrean konposatua musika eta mugimendua uztartzen dituen unibertsoan murgildu zen erabat. Oker dabil ilunpetan, dantzan, buruz eta baita ahuspez ere gorputz eta arima aritzeko gai diren musikarien maila zenbatetsi daitekeela uste duena. Bestalde, David Greilsammerren keinuak arnasa eman zien bai Molto allegro malguari, bai minuetaren hasierako hemiolei, Diaz de Garaioren espresio plastikoarekin bat eginez. Dantzariaren mugimenduen ildo narratiboa batzuetan ulertezina bazen ere, indar estetiko ukaezina zuten pasarteak eskaini zituen, hala nola amaieran Pasioaren eta Pietaren itxura hartzen zuten irudiak.

Kursaaleko besaulki patioari so eginez, esperientzia estetiko berriak izatea antzokiak lepo betetzeko nahikoa arrazoia ez dela dirudi. Edonola ere, ausardiak ez du zergatien inguruko galderarik onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.