'Félix et Meira'
Zuzendaria: Maxime Giroux. Herrialdea: Kanada. Iraupena: 105 minutu.Komunitate juduko kide den emakumezko baten eta dirurik gabeko gizonezko baten arteko harremana da Felix et Meira-k kontatzen duena.
Quebecen gertatzen da istorioa, baina fokua ez da bertara mugatu behar. Izan ere, nahiz eta istorioak ez duen zuzenean adieraziko, istorio horren atzean ez da zaila ikustea gaur egun erlijioengatik emakume askok pairatzen duten askatasunik eza. Askatasunaren aldeko aldarria izan nahi du filmak, gizarteak edo familiak inposatu dizkieten kateak hautsi nahiko baitituzte bi protagonistok.
Gaurkotasun eta indar handia duen gaia da, dudarik gabe. Tamalez, filmaren planteamenduak apenas aterako dion zukurik abiapuntu iradokitzaileari. Ematen du lehenengo ideia horrekin agortua dela pelikulak eskaintzeko duena, ez baitu pertsonaia landurik, eta gertaeren tratamendua arina eta zentzugabea gertatuko da askotan.
Akaso pelikulak duen alderik interesgarriena hizkuntzen erabilera da. Ez soilik yiddisharen erabileragatik, baizik eta kontuan hartzeagatik protagonistek noiz erabiltzen duten frantsesa eta noiz ingelesa.
Bestela, zuzendariaren hautu asko ulergaitz bihurtuko dira. Nekez ulertzen da zertara datorren filmaren erdian sartuko den Leonard Cohenen bideoklipa. Ildo beretik, pelikulak ordu arte duen tonutik guztiz kanpo dago mozorro juduaren sekuentzia. Filmaren erresoluzioa ere sobera azalekoa da, guztiz artifiziala.
Ideia on baten atzetik abiatuko da Felix et Meira, baina berehala iparra galdu, eta, lemazainik gabe, nora ezean mugitzen hasiko da.